Gaur jartzen da martxan 'Gipuzkoa bertsotan'

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO LASARTE-ORIA.

Gaur larunbata, maiatzak 4, 'Gipuzkoa bertsotan' lelopean, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea jarriko da martxan. Bertan, gure herriko bertso eskolako sei lagunek hartuko dute parte. Lehian sartzen lehena Unai Muñoa izango da, gaur bertan abestuko baitu Idiazabalen. Bihar, igandea, Orion Asier Azpiroz eta Andoni Otamendiren txanda izango da. Maiatzaren 11n, Mutrikun, Ane Labaka arituko da, eta egun berean Berastegin Lierni Rekondo gaztea, lehen aldiz txapelketan parte hartuko duena. Eta azkenik, maiatzaren 12an, Altzon, Zigor Iriondok herritarren bertso maila bikaina erakusteko aukera izango du. Saio guztiak arratsaldeko bostetan hasiko dira.

Bertsolariez gain, berrikuntza dugu aurten, Maddi Labaka gai-jartzaile moduan arituko baita, bere burua horretarako prestatzen jardun eta gero. Zorte ezin hobea opa diegu guztiei, eta kontuan izanda Beñat Iguaran automatikoki dagoela sailkatuta bigarren faserako, ea udazkenean jokatuko den fase horretan herritar mordoxka baten ahotsa en-tzuteko aukera dugun. Hortik aurrera, batek daki. Guk ez dugu behintzat, Ilunbeko finalean norbait ikusteko esperantza galduko.