Euskaraldiaren lehen eztanda

Elkarteetako ordezkariak eta hamaikakoteko lagunak armairuari agur egin ostean, elkarrekin Okendo plazako oholtzan./
Elkarteetako ordezkariak eta hamaikakoteko lagunak armairuari agur egin ostean, elkarrekin Okendo plazako oholtzan.

Hamaikakoteak joan den ostiralean aurkeztu zuen Okendon seirehun bat lagunen aurrean

DV LASARTE-ORIA.

Laino gris ba-tzuen mehatxuari jaramon handirik egin gabe, jende asko bildu zen Okendon arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldira. Euskaraldia hizkun-tza ohiturak astintzea bilatuko duen «ariketa sozial» bat da, Euskal Herri osoan zehar aurrera eramango dena datorren azaroaren 23 eta abenduaren 3a (euskararen eguna) bitartean. Dagoeneko 350 dira izena emana duten zazpi probientzietako herriak. Horietako bat, jakina, Lasarte-Oria da. Baina kontu hau ez da ezezaguna gure herriko biztanleentzat. Duela urte eta erdi ospatu zen azken Euskararen Maratoiaren inguruan, ariketa bera egin baikenuen, orduan guk geuk bakarrik. Beraz, harrokeriarik gabe, baina bai harrotasunez esan dezakegu, gurean, 'Irten armairutik' lelopean eginiko ariketa hark izan zuen arrakasta eta eraginaren ondorioz, ariketa beretsua Euskal Herri osora zabaltzea erabaki duela han eta hemengo hainbat eta hainbat euskaltzalek. Ezagunak dira guretzat Belarriprest eta Ahobizi izeneko rolak edo figurak. Horiek izango dira berriro ere honen guztiaren ardatz, baina oraingoan, aurrekoan ez bezala, herritik kanpo, nonahi, topatu ahal izango ditugu ahobizi eta belarriprestak; hau da, ikastokian, lantokian, garraio publikoan, edozein herriko kale, komertzio edo tabernatan. Hamasei urtetik gorako edonori dago zuzendua, eta parte hartzeko baldintza bakarra da, gutxienez, euskarazko elkarrizketa arrunt bat ulertzeko gai izatea. Ariketa hasi baino egun batzuk lehenago, izena eman duten guztiei txapa bana helaraziko zaie, hamaika egun horietan zehar agerian eraman beharko dutena. Txapa horren arabera, ahobizi gisa arituko direnei eskatuko zaiena da ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egitea, eta uler-tzeko gai direnei euskaraz jardutea, nahiz eta besteak erdaraz erantzun. Belarriprest direnen ardura, berriz, izango da «nahi duen orok niri euskaraz egin diezadala, ulertu, ulertzen baitut, nahiz eta, agian, erdaraz erantzungo dizudan, zuk niri euskaraz egitea nahi dut-eta».

Izan puntu

Hamaikakotea osatuko duten herritarrek umorez azaldu zizkieten bertaratutakoei Euskaraldiaren nondik-norakoak. Lehen unetik jakinarazi zieten plazara hurbildutakoei izena emateko lehen aukera hantxe bertan izango zutela, horretarako Okendoko lau izkinetan jarri ziren lau mahaietan. Eta, egia esan, asko izan ziren bertaratu eta orria bete zutenak.

Labasu, rap-egile bizkaitarra eta Euskal Herri osorako izendatu den hamaikakote nagusiko partaide izango dena, izan zen gonbidatu nagusia. Orain urte eta erdi protagonista izan zen armairuari omenaldia egin zitzaion jarraian, eta horretan herriko hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariek hartu zuten parte. Hunkigarria izan zen bereziki, duela gutxi gure artetik joan den Imanol Jimenezi egindako aipamena. Imanol arotza zen, eta goxotasunez aritu izan zen lanean armairu hori bera egokitzen.

Bertaratutakoei diptikoak banatu eta gero, etxaferuak eztanda egin zuen, musika eta dantza artean. Ane Labakaren hitzak eta Enara Yeregiren koreografia dituen abesti berria ere aurkeztu zuten. Era berean, ondo baino hobeto ikusi ahal izan genuen gure herriko Euskaraldiak izena duela: 'Izan puntu'. Eta horrela amaitu zen hasiera.

 

Fotos

Vídeos