Lagatxaga baserria omenduko da gaur, San Isidro jaiaren barruan

Lagatxaga baserria Santiomendi auzoan dago, Hernaniko mugatik gertu./
Lagatxaga baserria Santiomendi auzoan dago, Hernaniko mugatik gertu.

Egun bakarreko festa izango da Foru Plazan, baina ez dira faltako meza, idi-demak edo bertsolariak, Goldea elkartearen eskutik

MARÍA CORTÉS DVASTIGARRAGA.

Urtero bezala, Foru Plaza izango da San Isidro festetako ardatza, Goldea elkartearen eskutik. Goizeko 9:30ean hasiko da giroa, eta ordutik aurrera, ez du etenik izango eguerdira arte. Prozesioa, meza, bertsolariak, idi-demak... denetarik izango da, baita omenaldia ere; aurten, Lagatxaga baserriari.

Etxe honen lehen aztarnak 1856an agertu ziren. Izan ere, egungo senitartekoen birraitona-amonek, lehen belaunaldikoak, Pedro Irastorza Aldanondok eta Bixenta Aldanondok, jabetzan eskuratu zuten baserria. Jarraian, Bittor Irastorza Aldanondo, aitonaren, eta Maria Retegi Altunaren ezkontzarekin bigarren belaunaldia osatu zen. Ondoren, haien semea, Patxi Irastorza, Paula Arrutirekin ezkondu zen (hirugarrena) eta bi seme izan zituzten, Luis eta Antonio. Antonio Irastorza baserrian gelditu zen, eta gaur egun ere bertan jarraitzen du, Irungo Iparragirre baserriko Mari Carmen Zipitria emaztearekin. Haien ezkontzarekin bi seme-alaba, Iñaki eta Itziar, jaio ziren.

Baserriaren izen ofiziala 'Lagatxaga' da, nahiz eta herritar gehienok Latxa izenaz ezagutu. Baserria bi etxebizitzatan banatuta dago eta bertan bizi diren familiek, Urbistondotarrek eta Irastorzatarrek, gertuko elkarbizitza izan dute betidanik. Baita inguruko baserritakoekin auzolanean ere aritutakoak dira lagatxagatarrak: herri bidetako berritze lanetan eta sortutako ezbeharretan elkarri laguntza emanez.

Ikuspegi arkitektonikoaren aldetik, baserriko sarreran dotorezko kareharrizko atea eta ateburua daude. Barruan, berriz, oraindik zutik dirauen baserriko tolarea, 3x3 metro karratukoa. Bertan baserriko kontsumorako 3.000 litro sagardo egiten zituzten, orain dela 25 urtera arte. Gainera, baserrigintzan erabilitako balio handiko bi tresna ilusioaz gordetzen dituzte bertakoek: karro baten egurrezko gurpilak, erradiozko egiturazkoak, eta orain dela gutxi arte erabiltzen zuten abereen ferratoki zaharra.

Kokatzeko, baserria Santiomendi auzoan dago, Hernaniko mugatik gertu. 1960an berritutako baserri hau bi oinetako eraikina da, bakoitzak 110 metro karratu dituela. Beheko oinean, ukuilua, barazkiak biltzeko guneak eta tolare zaharra dituzte. Lehen oinean, aldiz, etxebizitza dute, eta bertan Antonio eta Mari Karmen bizi dira. Baserriko ganbara ere mesedegarri da zenbait uzta gordetzeko. Jabetzan duten lur guztien azalera 5 hektareakoa da, lur motaren arabera honela banatuta: baratzetarako 15.000 m2, sagastitarako eta belardietarako 15.000 m2, eta basorako 20.000 m2.

Jarduerak

Lagatxaga baserriak duen ustiapen jarduera nagusiena nekazaritzakoa da, nahiz eta bost behi eta lau txekorren azienda izan gaur egun. Sasoi batean, hogeita hiru buru gobernatzen zituzten. Sagastitarako erabiltzen dituzten lur guztietatik 12.000 kiloko sagar uzta lortzen dute, bataz beste.

Baratzetako ekoizpenak ugariak dira: letxugak, tomate, bainak, piperrak, porruak, tipulak, ilarrak, azelgak, babarrunak eta garaiko beste hainbat barazki. Aurretik deskribatutako produktu horiek guztiak Donostiako Gros auzoko merkatuan saltzen ditu Antoniok egunero (hamazazpi urtetik hogeita hamarrera postuan ere saltzen zituen). Baserrigintzarako tresnen mekanizazio ona dute Lagatxagakoek, bi traktore, bi sega makina, belar fardoak egiteko makina eta behiak jeztekoa, tanke eta guzti, besteak beste.

Mari Karmenek eta Antoniok oso barneratuta dute baserriak eman diela bizitza, oso sasoitsu eta osasuntsua, eta beraz, baserrian jarrai-tzea espero dute, beraien familiaren aurrekoen legez. Baserritar kuttun hauek diotenez, «jarrera zintzoarekin konformatu gara beti, alegia, bertatik ateratzen dutenarekin, handitasunetan sartu gabe».

Baserri mundutik bizi den ereduzko familia honek egindako lana aitortzeko eta Lagatxaga baserri biziari merezitako esker ona emateko, gaur ospatuko den ekitaldi xumea antolatuko da San Isidro egunean.