Jai parekideak bermatzeko, herriaren konpromisoa eta protokoloa

Txosna Batzordeak, Berriak, Mugimendu Feministak eta Udalak protokoloarekin bat egin dute. / MARÍA
Txosna Batzordeak, Berriak, Mugimendu Feministak eta Udalak protokoloarekin bat egin dute. / MARÍA

Beste urte batez, eraso sexisten prebentziorako eta hauei erantzuteko protokoloa jarri dute martxan hainbat eragilek

MARÍA CORTÉS HERNANI.

Herriko festei hasiera eman aurretik, hainbat eragilek martxan jarri dute protokoloa, eraso sexisten prebentziorako eta eraso horiei erantzuteko. Hain zuzen, protokoloaren alde egin dute Txosna Batzordeak, Berriak elkarteak eta tabernariek, Mugimendu Feministak eta Udalak.

Agerraldian azpimarratu dute «festak herriaren nortasuna, jendarte egitura eta bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazle dira. Gaur egun jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Izan ere, jarri al gara pentsatzen zer nolako jai eredua dugun? Norentzat egiten ditugun jaiak? Nor dago jaietan eta nor falta da?».

Era berean, garbi azaldu dute «jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta, halaber, berau aldatzeko gaitasuna dugulako. Tradizio eta ohiturek ezin dute hertsiak diren eta geldirik dauden zerbait izan, jendartearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute. Festetan, guztion partehartzearekin, tradizioa eta ordena irauli eta birsortzeko aukera dago, gozamena erdigunean jarrita emakume guztiok jaiak askatasunez bizitzeko».

Era berean, festak aitzakia bezala erabiltzen direla salatu dute, hainbat eraso justifikatzeko. «Jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzen dira, droga ezberdinen kontsumoaren justifikazio eta aitzakipean jai eremu eta egunetan era ezberdineko eraso sexistak sarriago gertatzen direlarik: irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak...».

Horren aurrean, mezu garbi bat zabaldu nahi izan dute eragileek, hain zuzen, «festak denontzako espazio seguru eta gozagarria izateko lan egitea denon ardura da eta bide horretan ezinbestekoa da eraso sexisten prebentzioan zein erantzun eta protokoloetan denok konpromisoa hartzea. Hori dela eta, Hernanin ere eragile ezberdinon artean jarri dugu martxan protokoloa berriz ere: Txosna batzordea, tabernariak, Mugimendi Feminista eta Udalak. Jaiak ere borroka esparru direlako, ez dugu eraso sexistarik onartuko ez txosna gunean, ez tabernetan, ez kalean, ez inon. Ozen diogu: Ez ezetz da!».

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos