Mintegi berri bat jarriko da martxan hurrengo egunetan Liburutegian

HERNANI.

Mintegi berri batekin ekingo dio ikasturteari Udal liburutegiak: 'Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik' tailerra, Kattalin Minerrek gidatua.

Minerrek berak azaldu duenez, «euskal eta zehazki euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra izango da hau. Hala, azken urtean argitaratutako lanak irakurriko ditugu, egungo testuinguru eta bizipenetatik. Helburua da euskal emakume idazleak ezagutaraztea, eta egun garatzen ari diren kezka, diskurtso eta proposamenak denen artean hausnartzea eta horiek genero ikuspegi eta ikuspegi feminista batetik irakurtzea».

Mintegi honek lau saio izango ditu, bakoitzean liburu bat landuko da. Irailekoa 'Bihotz handiegia', Eider Rodriguezena, hilak 17an. Besteak, urrian, azaroan eta abenduan izango dira.

Saio guztiak liburutegian izango dira, 19:00etan. Parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman behar dute, liburutegian. Liburua behar izanez gero, bertan ere eska daiteke.