Jadanik martxan da herrian 'Baietz Hernanik!' urtebeteko erronka

Biteriko Liburutegiko balkoian desestali zuten erronkaren markagailua 'Baietz Hernanik!' martxan jarri zenean./
Biteriko Liburutegiko balkoian desestali zuten erronkaren markagailua 'Baietz Hernanik!' martxan jarri zenean.

Egunerokotasuneko hizkuntza-ohitura bat aldatzeko, 125 erronkalari prest daude «keinu txikiekin aldaketa handiak lortzeko»

DV HERNANI.

Hilabetetako lan gogorraren ondoren, azkenik, martxan da 'Baietz Hernanik!' erronka. Duela gutxi Biterin egindako ekitaldi batekin eman zitzaion hasiera urtebeteko egitasmoari.

Hernani izango da, Euskara Ari Du elkartearen bidez, Euskal Herrian euskara hutsez bizitzeko urtebeteko erronka bota duen aurreneko herria, aitzindaria. Iaz 1.800 herritar inguruk astebeteko erronkari erantzun aparta eman ostean, urte betekoa izateko desafio aurkeztu zen iazko abenduan. Ordutik, lanean aritu dira buru-belarri elkarteko kideak, egitasmoa ezagutarazi eta herritarrak gerturatzeko asmoz.

Ekitaldi egunean, duela aste ba-tzuk, Biteriko plaza banderatxo koloretsuz apainduta ageri zen, eta markagailua, berriz, estalita. Jada Biterin, Mikel Laskurainek eta Eli Pagolak, Miren Gojenolaren zuzendaritzapean, ordu erdiko ikuskizun alai eta atsegina eskaini zieten bertaratu zirenei. Mikelek eta Elik erronka bat hartzea zer den azaldu zieten ikusleei umore-ukituaz.

«Erronka bat hartzea hizkuntza-ohitura bat aldatzea da, hau da, euskaraz egin daitekeen baina gaztelaniaz egiten den harreman bat aukeratu eta euskaraz egiten hastea. Eta horixe da, hain zuzen, Euskara Ari Du-koek aurten hernaniarrei botatako desafioa: ohiturak aldatu eta euskarari urtebetez eustea», azaldu zuten antolatzaileek.

Sorpresa

Ekitaldian trikitilariak, dantza, an-tzerkia... ikusleek ez zuten asper-tzeko tarterik izan. Duela gutxi zendu den Joxean Artzeri ere omenaldia egin zitzaion, haren olerki bat irakurriz txalapartaren ttakunaz lagunduta. Bukatzeko, bertaratutako guztiak kanpora atera ziren azken argazkia ateratzera, eta eguneko sorpresaren berri eman zitzaien: hasiera batean otsailerako 100 lagunek izena ematea aurreikusita bazegoen ere, azkenik 125 erronkalari daudela iragarri zuen Elik markagailua desestaltzean, zehazki, Biteri aurreko banderatxo bakoitzeko erronkalari bana.

Euskara ari du elkartekoek indarrez eta gogotsu abiatu dute urtebeteko erronka, «uste osoa dugu hernaniar bakoitzak keinu txiki hori egiten badu, Hernanin aldaketa handia lortuko dela denen artean».