Irristaketan ikasteko saioak antolatu dira hilabete honetan nerabeentzat

Bi hitzordu egongo dira, alde batetik hasiberrientzat, uztailaren 17an, eta aritutakoentzat, 18an

HERNANI.

Hilabete honetan bi saio antolatu dira irristaketa taldean egin ahal izateko. Irristaketa Hernani Taldearen eskutik, herriko nerabeek aukera izango dute uztailaren 17an hastapeneko saio batean parte hartzeko. «Saioa irristaketan inoiz ibili ez direnei edo hasiberriak direnei bideratua dago. Patinen gainean oreka mantentzeko, gelditzen ikasteko eta aldapan gora eta behera irristatzeko eta bihurgunetan jira biraka trebatzeko saioa izango da», azaldu dute antolatzaileek.

Irristaketan trebeagoak direnentzako berriz, saio berezia izango da uztailaren 18an. Bertan, elkar gurutzatzen eta atzeraka irristatzen ikasiko dute.

Bi saioak arratsaldez egingo dira 16:00etatik 19:00etara. Eguraldi ona bada Elizatxo ikastetxeko patioan egingo dira eta eguraldia lagun ez bada, Kiroldegiko pistan izango dira saioak.

Izen emateko udal Kiroldegira edo Hernaniko Gaztelekura gerturatu behar da. Bi ikastaroak doakoak dira, Hernani Erabaki aurrekontu parte hartzaileko proposamena baitira.