Gaurtik igandera arte ospatuko dira San Fermin Jaiak Martindegin

Lehengo urteko festetan./
Lehengo urteko festetan.

Goizeko 11:00etan izango da kalejira, festei hasiera emanez, eta urteroko zitek alaituko dute aurreneko eguna

MARÍA CORTÉS HERNANI.

Hernaniko San Joanak bukatuta eta Astigarragako Santio jaien aurretik, bide erdian ospatuko dituzte San Fermin jaiak, Martindegi auzoan. Gaur hasiko dira San Fermin jaiak eta prest daude, galtza eta kamixeta txuri eta zapi gorriekin, hiru egunetako egitarauarekin ondo pasatzeko.

Gaur goizeko 11:00etan egingo dute kalejira, festei hasiera emanez, eta urteroko zitek alaituko dute aurreneko eguna: 11:30etan haur jolasak eta buruhaundiak, eta arratsaldean, 17:00etan marrazteko ordua eta Tiro Karabina Lehiaketa. Ondoren, 18:30etan puzgarri bereziak eta 19:00etan dastaketako tortillak jasoko dira. Arratsaldeko 20:00etan sagardo dastaketa eta pintxoak. Bertan parte hartuko dute Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Sarasola, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta eta Indione. Ondoren, tortilla goxoaren emaitza, Akelenea jatetxeak sarituta. Eta lehenengo egunarekin amaitzeko, 22:30etan Erromeria Bide Batez taldearekin.

Makina bat ekintza izango dira asteburuan ere. Bihar 10:30etan auzoko hildakoen aldeko meza, eta ondoren hamaiketakoa Oialume tabernan eskutik. 13:00etan, goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat' eta Tturko familiari eskertza. Eguerdian, auzo bazkaria egingo dute. Eta arratsaldean, 16:30etan, gaztelu puzgarriak. 18:00etan zezentxoak eta zalditxoak. Eta 19:30etan, dantzaldi saioa Laiotz talderekin. Gauean, 22:30etan gaztetxoentzat diskofesta Plaza Berrin. Eta 22:45etan XVII Abere Dema, Imanol Poalla eta Asteasuko Itxaso Arrutiren zaldien artean. 00:00etan, dantzaldia Laiotzekin berriro. Eta goizaldera, platano dantza lehiaketa xelebrea.

Eta igandean, festak bukatzeko, herri kirolak izango dira goizean, aizkolari eta harrijasotzaileekin, Andoni Egaña eta Amets Arzallusen bertsoek girotuta; eta arratsaldean, trikitilariak, toka, erromeria...

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos