Festa giroan irekiko ditu Gaztelekuak bere ateak gaur arratsaldean

Aristizabal kaleko 5ean dago kokatua zerbitzua eta gaur askaria eta musika izango dira, 17:00etatik aurrera

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO HERNANI.

Gaur festa giroan irekiko ditu ateak Hernaniko Gaztelekuak. Ariztizabal kaleko 5ean kokatua dagoen lokalean irekiera ospatzeko askaria eta musika izango dira. 17:00etan irekiko dira ateak.

Zerbitzua 12 eta 17 urteko hernaniarrei eskaintzen zaie. Zerbitzuan izen ematea besterik ez da behar bertan parte hartzeko. Neguko, udaberriko eta udarako eskaintza berezia antolatzen du, bertako ekin-tzetan parte hartzeko aurrez izen eman behar izaten da. Antolatzen diren irteera eta ekintza berezien inguruko informazioa jasotzeko zerbitzua sare sozialetan jarraitzea gomendatzen da: @hgaztelekua.

Ikasturtea berrikuntzekin dator. Zerbitzua adin tarte zabal bati eskaintzen zaio, eta denei harrera egokia egiteko larunbat arratsaldeetako ordutegia moldatu da. 12-14 urte bitarteko gaztetxoek 16:30etatik 18:30etara izango dute Gaztelekua erabiltzeko aukera. Eta 14 eta 17 urte bitartekoek jarraian, alegia, 18:30etik 20:30era.

Zerbitzuaren ordutegia da asteartetik ostegunera 17:00-20:00 eta ostiraletik igandera 16:30-20:30. Kontakturako bidea: gaztelekua@hernani.eus eta 943 333 212.

Gaztelekuak bi hamarkada daramatza herriko nerabeekin egiten den lana plazaratuz eta beren balioa azpimarratzeko erronkari eutsiz. Taldean egotea, aisiaz gozatzea, elkarrekin bizitzen ikastea, aniztasunean heztea, nerabeen partehartzea sustatzea, protagonistak izatea, harremanak euskaraz egitea... Asko dira Gaztelekuaren eskaintzaren bitartez lantzen diren balioak, eta denak ezinbestekoak heldutasunerako bidean bizitzarako prestatzeko. Hernaniko Gaztelekua lau hezitzaileko lantaldeak bideratzen du.

Leloa

Aurtengo leloa da 'Hemen gu geu gara. Nire lekua. Nire jendea. Nire mundua'. Lelo honekin azpimarratu nahi da gazteak beraiek direla zerbitzuko protagonistak, baita gazteei egokitutako zerbitzua dela ere.

Gaztelekuak eskaintzen duten 'berezko mundu' horretan, ondo pasatzeaz eta gozatzeaz gain, neska-mutilek parte hartzeko eta balioak garatzeko aukerak dituzte hezitzaile profesionalen laguntzarekin: gizartean murgiltzen dira, euren autonomia lantzen dute, besteekin egoten ikasten dute...

Espazio horiek beraienak dira eta, horregatik, zerbitzuak haien parte-hartzea sustatzen du, bai jarduerak proposatzean, bai antolatzean, eta baita garatzeko orduan ere.

Hernaniko Gaztelekuak herriko hainbat elkarterekin lanean dihardu urte guztian zehar ekintza eta esperientzia berriak gazteen eskura jartzeko.