Albokarien Hernaniko Topaketaren 25garren edizioa ospatuko da gaur eta bihar

DV HERNANI.

Albokarien Hernaniko Topaketaren edizio berezia izango du aurtengoa. 25 urte betetzen ditu, eta horregatik, kontzertu batekin emango diote hasiera gaur. Arratsaldeko 19:30etan jarri dute zita, Biterin, biharko egun handiaren preludio izaten den kontzertuarekin, baina oraingoan, lau talde igoko dira taula gainera: Musika Eskolako ikasle gazteak aurrena, Iñigo Laugain laukotea ondoren, tartean Joxan Goikoetxea -eta bitartean taldea, gero Ixiar Jauregi, Sebastian Ustarroz, Garazi Navas eta Haritz Ezeizak osatua-, eta azkenik, Juan Mari Beltran, Ana Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Ixiar Jauregi.

Egun handia

Bihar, berriz, Euskal Herri osoko albokari, panderojole eta albokazaleak elkartuko dira Hernanin, goizeko 11:30etan, Udaletxeko arkupeetan. Kale bueltan arituko dira eta ondoren, 13:00etan, Tilosetan, Albokaldia emanaldia izango da. Bertan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroatik etorritako albokari taldeak arituko dira. Alboka egileen erakusketa ere, bertan. Euria eginez gero, Atsegindegin. Santa Barbara elkartean bazkaldu, eta kalejiran ibiliko dira arratsaldean, festa borobiltzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos