Gazte planari buruzko bilera irekia egingo da ostegunean Herri Eskolan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOASTIGARRAGA.

Astigarragako Udalak Gazte Plana osatzeko prozesuaren baitan ostegunean, 18:00etan, Herri Eskolako areto nagusian gazteei zuzenduriko bilera irekia egingo du.

Aurreko urtean Udalak gazteen diagnostikoa burutu zuen. Diagnostikoak utzitako ondorioetan oinarrituta aurten Gazte Plana osatzeko prozedura martxan jarri du. Bide horretan, «Udaleko teknikariez gain, herriko gazteen ekarpena ere bilatu nahi dugu hurrengo urteetara begira gazteei zuzenduriko politikak definitzeko», azaldu dute.

Gazte Planak 12-35 urte arteko gazteak hartuko ditu kontuan, nahiz eta ekintza plana hiru adin-talde nagusitako gazteak bereiziko dituen: 12-18 artekoak, 19-25 artekoak eta 26-35 artekoak, jakina baita batzuen eta besteen beharrak ez direla berdinak.

Osteguneko bileran hainbat gai jorratuko dira: etxebizitza, kultura, garraio publikoa, hezkuntza, herri izaera... interesa duten eta bere ekarpena egin nahi duten gazteak parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak. «Adin guztietako gazteentzat aukera ezin hobea izango da dituzten proposamenak bideratzeko», adierazi dute Udaletik.