Euskara ikasi nahi dutenak Urnietako euskaltegian matrikulatu daitezke

Aurten ere egongo da aukera herrian, eta izena emateko azken eguna hilabete honen bukaeran izango da, 28an

MARÍA CORTÉS URNIETA.

Duela urtebete ireki zituen ateak Urnietako euskaltegiak Udalak AEK-rekin sinatu zuen hitzarmenari esker, eta hala, Udalak bere hizkuntz politikan duen funtsezko irizpideetako bati erantzun zion, herritarren euskalduntzeari, alegia. Modu honetan, euskara ikasten hasi edo haien maila hobetu nahi duten herritarrek eskura dute urrats hori ematea, jada ez baitute beste leku batzuetako euskaltegietara joan beharrik.

Balorazio positiboa

Indartsu ekin du bere ibilbidea Urnietako euskaltegiak, izan ere, «matrikulazio datuak oso onak izan ziren lehenengo ikasturtean. Orotara 54 ikaslek eman zuten izena eta maila desberdinetako 5 taldetan banatuta jardun zuten lanean. Arrakasta handiena maila baxuek izan zuten, horietan aritu baitzen ikasle kopuru handiena. Adinei dagokienean ostera, aniztasuna izan zen nagusi. Klaseak giro onean garatu ziren eta bai ikasleak eta baita irakasleak ere oso gustura geratu ziren urtean zehar burututako hobekuntzarekin. Gainera, modu berezian eskertu zuten euskara ikasteko aukera herrian bertan izatea», azaldu dute arduradunek.

Lehenengo ikasturteko arrakasta ikusita, bigarrengo urte honetan espero da «jende gehiagok ematea euskara ikasteko pausoa. Horretarako interesa duen pertsona orok izena emateko aukera du hilabete honetan zehar, hain zuzen, matrikulatzeko azken eguna irailaren 28an izango da», adierazi dute euskaltegitik.

Matrikulatzeko edo informazio gehigarria eskuratzeko, euskaltegiak ateak irekita izango ditu Errekalde kaleko 1 zenbakian. Bestela, telefono edo korreo bitartez ere jarri daitezke harremanetan: urnieta@aek.eus helbidera idatzita edo 662338747 telefonora deituta.

Hasiera batean maila guztiak eskainiko dira euskaltegian, eta ondoren, maila bakoitzean izena ematen duen pertsona kopuruaren arabera sortuko dira multzoak. Bakoi-tzak bere mailan euskara hobetzeko, hitz egiteko orduan askatasuna lor-tzeko, testuak egoki idazten ikasteko eta zalantza gramatikalak argitzeko baliatuko ditu klaseak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos