EAJ-PNVk prest du Mikel Pagolarekin bat egingo duten pertsonen zerrenda

EAJ-PNVko kideak, Batzokian egindako ekitaldian./
EAJ-PNVko kideak, Batzokian egindako ekitaldian.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO URNIETA.

Mikel Pagola Urnietako EAJ-PNVren alkategaiak aurkeztu berri du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan lagunduko duten pertsonen zerrenda. Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea ondoan zuela, Urnietako Batzokian egindako ekitaldian, Pagolak nabarmendu zuen bera buru izango duen hautagaitza «ilusio handiz» aurkeztuko dela, «lidergoari eusteko prest, azken lau urteotako lan onari jarraipena emateko eta gure eskarmentua baliatuta Urnieta nahiz urnietarren alde lanean gogor jarraitu dezagun». Era berean, gaur egungo alkateak azaldu duenez, bere taldearen «zeregin nagusia izango da urnietarren ongizatea hobetzen jarraitzea». Horren harira, gaineratu du «harro gaudela Urnietaz eta urnietarrak izateaz. Horregatik Urnieta hobea, atseginago, irisgarriago, jasangarriago, sendoago bat nahi dugu. Hori guztia lortzeko, lanean tinko jarraitu beharra dago».

Bestalde, hautagai jeltzaleak azpimarratu du urnietarren artean «herri nortasuna» hedatzen saiatuko direla, «herri bizitza sendotuz eta elkarteen arteko elkarlana bultzatuz. Herri bezala dugun izaera sustatu. Herri anitza, euskalduna, kohesionatua, inklusiboa, justuagoa izateko bidean gaude». Dena den, ohartarazi du hori guztia lortzeko urratsak egiten jarraitu behar dutela, «lan ugari dugu, baina ilusio handiz gaude».

Erronka horiei guztiei aurre egiteko, Pagola alkategaiak adierazi du «herriarekin oso inplikatuta dagoen talde bat aurkezten dugu. Urnietarrez osatutako talde sendoa dugu, trebatua, ideia berriak dakarzkiena, herrigintzan eskarmentu handia duena, eta urnietarrentzat lan egitera gogoz datorrena».

Amaitzeko, Pagolak legealdi honetan «urnietarrei begira egindako kudeaketa defendatu» eta herritarrek hala erabakiz gero, «pertsonak ardatz dituen politikak egiten jarraituko du EAJ-PNVk Urnietako Udalean», adierazi du.