Patatak txorixoarekin jate erraldoia, bihar, Andoaingo Euskaraldian

Jai bat antolatuko da Goikoplazan eta bertan musika eta trikitilariak, tarta lehiaketa eta bideo proiekzioa izango dira

MARIVI OLANO ANDOAIN.

Andoaingo Euskaraldia ekimenaren barne, bihar jai bat antolatuko da Goikoplazan, patatak txorixoarekin jate erraldoi batekin.

Goizeko 11.00etan Zumeatarra, Kotoi, Irunberri, Peña Santakrutz, Andoaingo Batzokia eta Ontza elkarteak hasiko dira prestatzen patatak txorixoarekin. Kalejira musikala ere izango da, 11.00etatik 12.00etara, Hamaikakoa Esteberen kamioian. Kalejira Zumea plazatik Goikoplazara igoko da, Ikastolako trikitilariekin. Eguerdiko 12.00etann, Hamaikakoari txapak jarriko zaizkie eta 12.30etan bideo baten proiekzioa izango da kontsejupean. Jaian tarta lehiaketa (etxetik egina eraman behar da) antolatuko da. Bazkaria, 13.00etan hasiko da.

Eguraldi txarrarekin La Salle Ikastetxeko aterpean egingo da ekimena.

Euskaraldiaren hurrengo ekimena azaroaren 23an izango da, 17.30ean, Basteroko plazatxoan. Euskaraldiko koreografia Bastero ondoko Kale Nagusian dantzatuko da eta Euskaraldian izena eman duten datuak ezagutzera emango da eta testu bat irakurriko da. Amaieran, argazki bat aterako da. Hirugarren eta azken ekimena abenduaren 1ean izango da, 19.00etan, Basteroko ekitaldi aretoan, eta bertan, besteak beste, Soinuak Musika Eskolak eta Olagain Txistulariek hartuko dute parte.

Txapak jasotzeko lekuak

Euskaraldiaren txapak aste honetan hasi dira banatzen, toki eta ordutegi hauekin: bihar, 11.00etatik 14.00etara. Udaletxeko Atarian, astelehenetik ostiralera 8.00etatik 14.30era, eta kontsejupea, azaroaren 19an eta 22an, 17.30etik 19.00etara. Ikastetxeekin eta izena eman duten elkarteekin, Euskaraldia Ba-tzordea zuzenean harremanetan jarriko da, txapak eskura emateko.

 

Fotos

Vídeos