Martin Ugalde lehiaketarako ipuinak urriaren 11n aurkeztu beharko dira

Sariak. Joan den urteko irabazleak, Bastero Kulturgunean egindako ekitaldian. /  UNANUE
Sariak. Joan den urteko irabazleak, Bastero Kulturgunean egindako ekitaldian. / UNANUE

Txapelketan 10 urtetik 17ra bitarteko edozein neska-mutilek parte har dezake

MARIVI OLANO ANDOAIN.

Andoaingo Udalak, Kultura Batzordearen eskutik, Martin Ugalde idazle andoaindarrak ipuingintzan egindako ibilbideak gaur egun ere jarraipena izan dezan XXII. Ipuin Lehiaketarako deialdia egin du. Lehiaketaren xedea gaztetxoen artean idazteko zaletasuna bultza-tzea da. Partaideak Andoain, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul eta Zizurkilgo gazteak izango dira.

Ipuin lehiaketara 10etik 17 urtera bitarteko edozein neska-mutilek aurkez dezake bere ipuina. Lanak egile bakarra izan behar du eta partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake.

Ipuinek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Antolatzaileek adierazten dute baldintza hau ez betetzeak zigorra ekar lezakeela, hau da, saria bueltatzea eta hurrengo deialdietan lehiaketa honetara aurkeztu ezin izatea. Horrexegatik, ipuinak aurkezterakoan oinarri hau betetzen dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, hau da, ipuina argitaratu gabekoa dela eta beste lehiaketa edo sariketa batzuetan inolako saririk jaso ez duela egiaztatzen duen aitorpena.

Lehiaketa lau mailatan banatuko da: A maila, 10 eta 11 urte ; B maila, 12 eta 13 urte; C maila, 14 eta 15 urte; eta D maila, 16 eta 17 urte dituen gazteentzat.

Gaia librea izango da eta euskaraz idatzitakoak izan beharko dute ipuinek. A mailako lanek gutxienez 2000 eta gehienez 6000 karaktere izango dituzte, eta B, C eta D mailako lanek, gutxienez 6000 eta gehienez 16.000 karaktere. Kasu guztietan DIN A-4 neurrian aurkeztuko dira ordenagailuz idatzita. Lerroartekoa bikoitza izango da, justifikatua eta letraren tamaina 12koa.

Lan bakoitzaren bost kopia entregatu beharko dira urriaren 11n, goizeko 10.00etatik 13.00etara, Bastero Kulturguneko harreran.

Lanekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da. Barnealdean lanaren egilearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta adina jarriko dira, eta kanpoaldean, berriz, lanaren izenburu berbera eta egilearen adina soil-soilik. Sariak maila bakoitzerako hauexek izango dira: A mailan, 1. saria, 100 euro eta bigarren saria, 70 euro; B mailan, lehenengo saria, 110 euro, eta bigarrena 80 euro; C eta D kategorietan, lehenengo saria, 250 euro, eta bigarrena, 150 euro.

Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zeintzuk diren. Andoaingo Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian eta idazkaria ere izendatuko du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos