Manuel Larramendiren irudia eta lana, gaur Basteron hitzaldi batean

Jon Unanue, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakaria. /
Jon Unanue, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakaria.

DV ANDOAIN.

Euskaraldia ekimenaren barruan, gaur, arratsaldeko zazpietan, 'Manuel Larramendi: Hurbilketa Txikia' hitzaldia eskeiniko da Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan. Gaia Manuel Larramendi euskalari handia izango da eta hizlaria Jon Unanue, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko sortzaileetarikoa eta lehendakaria.

Izan ere, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan ikusgai da Euskaraldiaren antolatzaileek moldatu duten erakusketa, 'Euskara, eten ez den soka' lelopean, euskarak Andoaingo historian barrena bizi izan dituen gorabehera, inguruabar eta ekimen ezberdinak eta lekukotasun ongi interesgarriak ezagutzera ematen dituena.

Erakusketa horretan ikus litezke, besteak beste, Manuel Larramendi andoaindarrak euskarari buruz egindako lehenengo gramatikaren lehenengo edizioa, 'El imposible vencido' izenburupean berak Salamancan argitara emandakoa 1729. urtean. Euskaraz, 'Ezina ekinez egina' ezizenarekin ezagutzen da.

Bada, erakusketa horren baitan emango du Jon Unanuek hitzaldia, ordu bete iraungo duena, zazpietatik zortzietara, eta 'hurbilketa txiki bat' deitu duena, helburua delako Larramendiren irudia eta obra behar beste ezagutzen ez dutenei azaltzea andoaindarrak egin zuen lanaren eta ekintzaren handitasuna eta garrantzia, baina ikuspegi orokor bat emanez, ez hutsik hizkuntzaren ikuspegitik, baizik eta baita herrigintzaren eta politikaren ikuspegitik ere.

Egitasmoa

«Gero, sakondu nahi duenak -esan du Unanuek-, izango du aukerarik horretarako azkenik lortzen baldin badugu Garagorrienea izeneko egitasmoa aurrera ateratzea, Larramendiren bizitzak ordu askotarako ematen baitu, eta ez ordu aspergarrietarako, bere ahalegina bere garaiko abenturarik handi eta arriskutsuenetakoa izan baitzen».

Izan ere, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Garagorrienea izeneko egitasmoa lantzeko ahaleginetan dihardu, etsi-etsita baitago Larramendiren bizitza eta obra behar bezala ezagutzea euskaldunontzat gaur egun ezinbesteko eredu eta jarraibide dela.

Egitasmo horren bitartez, Larramendiren bizitza eta obra behar beste ikertu eta zabalduko duen kulturgunea sortu eta zabaldu nahi du, Euskal Herri osoari zuzenduko zaiona, baina Andoaingo euskalgintza eta herrigiroa suspertzen berealdiko eragina izan dezakeena, eskualdeko euskalgintzarekin uztartuz.

Gogoratu, azkenik, 'Euskara, eten ez den soka' erakusketa larunbatera arte izango dela zabalik Bastero Kulturgunean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos