Ibilbideari Elkar Saria, Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari

'Lua kastore' ikuskizuna taularatuko da ekitaldi hasieran. /
'Lua kastore' ikuskizuna taularatuko da ekitaldi hasieran.

Bihar, arratsaldeko 19.00etan, Bastero Kulturgunean egingo den ekitaldian emango da, Gotzon Huegun eskultoreak egindako artelan bana

MARIVI OLANO ANDOAIN.

Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia saritzea erabaki du aurten Elkar Fundazioak, beraien ekarpen handia eta egindako lanaren garrantzia gogora ekartzeko.

Azken bi urteotan, Euskal Herrian esanahi handiko diren bi erakunderen ehungarren urteurrenak bete dira. Bakoitzak bere izaera eta ibilbidea du, eta badituzte antzera dituzten hainbat ezaugarri balio handiko direnak Fundazio honen iritziz: «erakunde nazionalak dira, hots, Euskal Herria bere osoan har-tzen dute eta Euskal Herri osoari begira egin dute lan euren bizitzako lehen mendean zehar. Esan daiteke, beraz, euskararen herria egitura-tzeko nahitaezko elementu direla, beste erakunde askoren artean».

Fundazioak adierazten duenez, «euskara eta euskal kultura, herri kultura zein kultura jasoa zaindu, landu eta zabaltzea izan dute helburu, Euskaltzaindiak batez ere hizkuntza, eta Eusko Ikaskuntzak, berriz, jakintza. Indar bilketaren eredu izan dira beren jardueran. Alde batetik, talde zabalen bidez egin dute lan, talde lana sustatuz eta jendearen parte hartzea bilatuz; bestetik, elkarlanerako ateak zabalik izan dituzte, Euskal Herriko herri zein gizarte eragileekin batera aritu dira lanean».

Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, bakoitza berean, ikur izan dira Euskal Herriarentzat, «erreferente eztabaidaezin». Eta garrantzitsuago dena, «ehun urte ondoren bizirik eta indarrez daude, eta ikur izaten jarraitzen dute etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko orduan».

Saria, bihar, arratsaldeko 19.00etan, Basteron egingo den ekitaldian emango da, Gotzon Huegun eskultoreak egindako artelan bana. Ekitaldi berean, Euskal Herria Zuzenean ekimenak Proiektuari Elkar saria jasoko du, 10.000 euro. Azkenik, 2018an Joseba Jaka sormen beka jaso zuen Ma koletiboaren eskutik, 'Lua kastore' antzerkia, dantza eta irudia uztartuko dituen ikuskizuna taularatuko da.