Gazteen erreportajeek badituzte sariak

Saria. June Montejo Martín eta Lierni Tolosa Beldarrain gazteek sari nagusia jaso zuten Gazte Lokalean. / UNANUE
Saria. June Montejo Martín eta Lierni Tolosa Beldarrain gazteek sari nagusia jaso zuten Gazte Lokalean. / UNANUE

Andoaingo Udalak XXII. Erreportari Gaztea lehiaketaren sari-banaketa egin zen | Sari nagusia Julen Montejok eta Lierni Tolosak irabazi zuten telesaileei buruzko erreportaje batekin

MARIVI OLANOANDOAIN.

June Montejo Martin eta Lierni Tolosa Beldarrain gazteek jaso zuten joan den astean Erreportari Gaztea lehiaketaren sari nagusia, 360 euro, Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura eta diplomaz hornitua. Saritutako lana `Telesailen Boom!-a ikus-entzunezkoen munduan´ izan da.

Lehiaketaren epaimahaia osatu duten Amaia Goikoetxea, Enekoitz Telleria eta Jon Ander Ubeda kazetariek aho batez eta zalantzarik gabe «aurtengo edizioko irabazletzat jo dute erreportaje hau, erredakzio bikaina, gaia lantzerakoan azalean geratu gabe datuz osaturiko kontakizun mardula».

Aurten sari nagusia emateaz gain, Andoaingo eskola bakoitzeko lanik onenari saria ere eman ziren. La Sa-lle Berrozpeko ikastetxeko lanik onenaren saria (180 euro eta diploma) Asier Cruz Barrondo, Unai García López eta Eneko Mosquero Gómez gazteek irabazi zuten. Beren lanak 'Zubiak bete, etxeak huts' izenburua zeukan.

Leizaran Institutukoari dagokionez, David Alvarez Gonzalezek aurkeztu zuen erreportajeak, 'Reggaetoiaren benetako mezua', irabazi zuen.

Ekitaldia Gazte Lokalean antolatu zen eta bertan Pello Reparaz musikari nafarrak parte hartu zuen.

Aurtengo edizioa

XXII. edizio honetan 36 idazlan aurkeztu dira Erreportari Gaztea Sarian eta 85 gaztek parte hartu dute lan horien idazketan.

Andoaingo Udalak euskarazko komunikazio bultzatzeko helburuarekin hainbat ekimen sustatzen ditu. Ezagunena Rikardo Arregi Kazetaritza Saria da, baina ez da bakarra, Erreportari Gaztea Saria ere ekimen horietako bat baita, 15-18 urte arteko gazteei zuzendutakoa, eta, beraz, «garrantzitsua euskarazko komunikaziogileen harrobia bultzatzeko aletxo bat den heinean», Udalak adierazten duen bezala. Aurtengo parte-hartzaileak 16 urte inguruko andoaindarrak edo Andoainen ikasten dutenak dira. Idazlanetan jorraturiko gaiei dagokienez, berriz, gai sozialekiko dituzten kezkak ageri dira nabarmen. «Gazteek interesekoak diren eta gazteak kezkatzen dituzten gaiak jorratu dituzte. Batzuk aipatzearren aipa ditzagun joku etxeak generoa, osasuna eta elikadura, etxebizitza, bullying-a, sarre sozialak...». Epaimahaikideek lanak ebaluatzerakoan erreportajeen egokitasuna, estiloa, datu-bilketa eta zailtasuna hartu dituzte kontuan, baita gaiarekiko lotura eta originaltasuna ere.