Euskaraldian parte hartzeko izen-emate ofiziala gaur hasten da

'Euskara Andoainen; eten ez den soka' erakusketa ostiralean aurkeztu zen Basteron. /  X. LASA
'Euskara Andoainen; eten ez den soka' erakusketa ostiralean aurkeztu zen Basteron. / X. LASA

Euskararen aldeko egitasmoa azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo da | Bertan parte hartzeko Ahobizi edo Belarriprest bi roletako bat aukeratu behar da

DV ANDOAIN.

Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean antolatuko den Euskaraldian parte hartzeko izen-emate ofiziala gaur hasiko da. Bi helburu ditu euskararen aldeko egitasmo honek: hizkuntza ohiturak eta inertziak astindu eta pertsona gehienek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman, eta, era berean, euskara erabiltzeko testuingurua eta egoera berriak sortu.

Partehartzaileek bi roletako bat hartuko dute: Ahobizi (ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet) edo Belarriprest (euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu). Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen da: familian, lagunartean, lanean, eskolan, kalean edo dendetan.

Egitasmoan 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena eta Ahobizi (euskaraz hitz egiten duena) edo Belarriprest (euskara uler-tzen duena) gisa hartuko dute parte.

Non egin izen-ematea

Andoaindarra euskaraz web orrian izena eman daiteke, lege oharrak onartzea ahaztu gabe; Andoaingo Udaleko Atarian (goizez); Euskaraldiako erakusketak irauten duen bitartean hilaren 29a arte, Basteroko erakusketa aretoan; edota bestela euskaraldiako web orriaren bitartez (izenematea.euskaraldia.eus).

Azkenik, noizean behin informazio eta izena-emateko mahaiak ezarriko dira herrian. Hurrengoa datorren larunbata honetan, goizean, 11etatik aurrera, Juanita Alkain plazan.

Andoaingo Euskaraldiaz gehiago jakin nahi izanez gero, idatzi andoain@euskaraldia.eus postara, edota deitu 682 571 740 mugikorrera.

Euskara Andoainen

Joan den ostiralean 'Euskara Andoainen: eten ez den soka' izeneko erakusketa ireki zen Basteron. Bertan XVIII. mendetik hasi, Aita Larramendiren biografia eta liburu sorta (Juan Bautista Erro, Kontxi Arretxe, Inaxio Tolosa, Juanita Alkain, Larramendi antzerki taldea, Lizarmakil, hezkuntza, gau eskola, Rikardo Arregi Kultur Taldea, Larramendi Bazkuna, Udaleko bandoa, Lizar Makil, Rikardo Arregi, Martin Ugalde, Eugenio Arregi, Udaleko ENBA) eta XXI. mendea arte, euskarak Andoainen eta andoaindarrek bizitutako gertaerak laburbiltzen ditu erakusketak, agirien, argazkien, kartelen eta bideo baten bitartez.

Euskararen alde Andoainen isilean lan egindako herritar eta elkarte guztiak sinbolikoki azaldu nahi izan du erakusketa honek.

Horretaz gain, Euskaraldiaren baitan antolatutako denez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia egitasmoa azaltzeko tartea ere aprobetxatu da. Erakusketa hilaren 29a arte egongo da honako ordutegian: astelehentik ostiralera, 18.00-20.00, eta larunbatean, 10.30-13.30 eta 18.00-20.30.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos