Euskal Herri osoko dantzariak hurbilduko dira igande honetan
Urki Dantza Taldeak antolatuta, 35. Euskal Jaialdia ospatuko da egun guztian zehar herriko txoko ezberdinetan
Urki dantza taldeak antolatuta, Euskal Herriko ordezkaritza anitza elkartuko da herriko kaleetan igande honetan, 35. Andoaingo Euskal Jaialdian. Euskal Herriko txoko desberdinetako neska-mutil gaztetxoak etorriko dira: Azkain, Oiartzun eta Otxandioko dantza taldeak; Hernaniko txalapartariak; Lizarra eta Debako gaiteroak; Gasteizko txistulari eta akordeoilariak eta Azkaingo bertsolariak. Beraiekin batera Andoaingo Olagain txistulariak, Musika Eskolako akordeoilariak eta Urkiko dantzariak arituko dira, «gure folklorearen arlo desberdinak kaleratuz», adierazi dute antolatzaileek.
Eguna 10:30etan hasiko da, taldeen ongietorriarekin Goiko Plazan. Han elkartu eta txalaparta eta aurkezlearen agurraren ondoren, desfile-ibilbidea hasiko da. Goizean zehar, taldeek Plaza Morean, Juanita Alkainen, Espigoian eta Zumean emanaldiak eskainiko dituzte. Tartean, hamaiketakoarekin gozatzeko aukera ere edukiko dute parte-hartzaileek, eta horretarako lanean ariko dira Ontza, Belkoain Berri, Irunberri, Peña Santa Krutz eta Kotoi elkarteetako kideak.
Eguerdiko 13:10ean inguru, Goiko plazan partaide guztiek amankomuneko ekitaldi polita eskainiko dute. Hori amaitzerakoan, Urki dantza taldeko familiek kanpoko neska-mutilak gonbidatuko dituzte bazkaltzera (batzuk Larramendi ikastolan eta beste batzuk La Salle Berrozpeko jangelan. «Andoaindarra elkarteak lankidetza berezia eskainiko digu ere», adierazi dute arduradunek.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera, Goiko Plazan ere, eta euskal festa giroan jarraitzeko, erromeria-dantzaldia egongo da, Jeiki Hadi taldearekin.
Jaialdiaren helburuak
Egun osoko jaialdi honen helburuak azaldu ditu Urki dantza taldeak, «Hamabost urte bitarteko neska-mutilengan euskal Folklorearen festa-giroari eutsi nahi zaio, eta horretarako, ezin egokiagoa izan daiteke folklore horren eguneroko biziberritzaile diren hainbat eragile (dantzariak, txistulariak, txalapartariak, akordeoilariak, gaiteroak, bertsolariak, trikitrilariak, kantariak…) batu daitezen, eta herriko plazak eta kaleak hartu ditzaten. Gainera, Euskal Herriko herri desberdinetako taldeak gonbidatuz, elkarren arteko harremanak areagotzen dira. Aldi berean, neska-mutilak protagonista nagusiak izanik, herritar ugari ere partaide zuzenak bihurtzen dira (familiak, lagunak, elkarteak, ikastetxeak,...), eta festa kalez kale zabaltzen da».
Egindako lan guzti honetan, «gure esker ona ere adierazi nahi diogu Andoaingo Udalari eskainitako azpiegitura eta dirulaguntzagatik», adierazi dute Urkitik.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.