'Badon' operaren «euskal kulturaren utopia amestua», ostiral honetan Basteron
Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusiak lan multidisziplinarra eta garaikidea taularatuko du, euskal kultura eta haren kanonak berrikusiz
Badon proiektuak Korrikako Kultur Sorkuntza Beka jaso zuen, eta 23. edizio honetako ekitaldi nagusia diseinatu du. Gasteizko Printzipal Antzokian aurkeztu ostean eta Astigarragako eta Hernaniko emanaldien ondoren, Andoainera iritsiko da sortutako opera garaikide eta multidiziplinarra, Basteroko eszenatokira. Gaur gauean izango da, 20:30ean, eta sarrerak eskuratu daitezke lehiatilan edo Kutxabank Tickets webgunean, 6 euroren truke.
Sormen laborategi honetan, euskal artista talde zabala jardun da lanean, antzezleez, dantzariez, musikariez, bideo sortzaileez eta diseinatzaile grafikoez osatua, besteak beste. Izen propio askorekin, hala nola, Ainara Gurrutxaga eta Xanti Agirrezabala aktoreak, Oihana Vesga dantzaria, Ines Osinaga trikitilari eta abeslaria, guztiak Marina Suarez Ortiz de Zarateren zuzendaritzapean.
'Badon' opera garaikidea «hausnarketa, ikerketa, sorkuntza-prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza» da, eta «sinergiak eta diziplina arteko zubiak» eraikiko dituela adierazten dute sormen taldetik. Ordu eta erdi iraungo du, eta formatu ezberdinak erabiliko dituzte «euskal kultura eta haren kanonak» berrikusteko. Formatu guztien nahasketa –baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimenduak, literaturak eta bertsoek– eta jolasa, ikuslea «etorkizun utopiko espekulatibo» batera bidaiatzera gonbidatuko duena. «Bestelako euskal kanona, plaza publikoa eta genealogia ahalbidetuko duen agertokia asmatu nahi izan dugu. Zergatik fikziozko ariketa hau? Bestelako kanona, plaza publikoa eta aitortza praktikan jartzea ahalbidetuko digun mundua asmatzeko beharra sentitzen dugulako», azaltzen dute lanaren dossierrean.
«Denok partekatzen dugun iruditeriatik sortutako unibertso posible bat» taularatuko dute, eta zazpi atal izango ditu, opera tradizionalak duen egitura errespetatuz: obertura, lehen aktoa, bigarrena, hirugarrena, interludioa, aria eta gran finalea. Operaren koadro bakoitza, gainera, kolore batek bilduko du, eta kolore bakoitzak mundu bat aurkeztuko du, «euskal kulturaren utopia amestuak», distopia katastrofikoetatik aldenduz.
- Temas
- Korrika
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.