'Andoain Laburrean' Bideo Lehiaketako laugarren edizioa aurkeztu da

Ainara Rodríguez zinegotzia eta Ainhoa Aiertza, ESCIVIko irakaslea./
Ainara Rodríguez zinegotzia eta Ainhoa Aiertza, ESCIVIko irakaslea.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ANDOAIN.

Andoaingo Udalak eta ESCIVI-Zine eta Bideo Eskolak aurkeztu zuten atzo 'Andoain Laburrean' bideo lehiaketako laugarren edizioa.

Euskara zinegotzia den Ainara Rodriguezek adierazi zuen lehiaketa pixkanaka indarra hartzen ari dela gazteen artean. «Iaz inoiz baino gazte gehiagok parte hartu zuen. 10 bideo aurkeztu zituzten, guztiak originalak, eta hamar bideo horiek egiten 32 gaztek parte hartu zuten».

Lehiaketan 16 urte edo gehiago dituztenek parte har dezakete profesionalak ez badira, eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten badute. Bideoak edozein generotakoak izan litezke, mutuak ere izan litezke, «baina hizkuntza erabiltzen bada, euskara izango da», gogoratu zuen zinegotziak.

Lehiaketaren oinarriak

Ainhoa Aiertzak (ESCIVI) lehiaketaren oinarriak gogoratu zituen. Lehiaketako gaia librea da eta ez du zertan mugaturik Andoainera edo beste zein eremu geografikotara. Nolanahi ere, Andoaingo herriari edo Andoaingo pertsona edo gertakari ezagun bati buruzko erreferen-tziaren bat jasotzea hobetsiko da. Bideoek gehienez ere 15 minutuko iraupena izango dute, kredituak barne.

Edozein generotakoa izan daiteke lana: filmea, publizitate spota, elkarrizketa, dokumental laburra, bideoklipa, bideoartea, animazioa... , eta bi modutan aurkeztu ahal izango dira: My Air Bridge (www.myairbridge.com) bidez bidali daitezke bideoak euskarazerbitzua@andoain.eus postara, edota Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, 8.30etik 14.00etara.

Bideoarekin batera entregatu beharko dira egilearen edo egileen izena eta abizenak, jaiotze data, Andoainekin du harremana (bizi, ikasi edota lan egin), kontaktua eta bideo laburraren izenburua.

Lanak bakarkakoak edo taldekakoak izango dira eta partaide bakoi-tzak, gehienez, bi lan aurkez ditzake, bakarka zein taldeka bada ere.

Lanak aurkezteko baliatu daitezkeen artxibo motak honako hauek izango dira: mov, mpeg, flv eta wmv. Nahi den bereizmena izan dezakete lanek. Aukeran, 1280 x 720 p (HD Ready) edo 1920 x 1080p (Full HD) bada hobe. Hiru sari emango dira: lehenengoa, 400 euro; bigarrena, 200 euro; eta hirugarrena, berriz, 100 euro.

Informazio gehiago: www.andoaindarraeuskaraz.eus webgunean, Udaletxeko Euskara Zerbitzuan edo Bideo eta Zine Eskolan.

 

Fotos

Vídeos