Andoain
Aldundiaren 'Lazoaren' proiektuari errekurtsoa jarri diote hainbat herritarrek«Osasun publikoaren eta kontratazio-araudiaren urraketa, eta herritarren parte-hartzea saihestea» egozten diote Aldundiari
A15etik N1era konexioa egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitatu duen 'lazoa' delakoaren proiektuari Gipuzkoako Foru Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Auzitegian errekurtsoa jarri dioten hainbat herritarrek –Bordaberriko enpresen ordezkaritza, Andoaingo ikastolako ordezkaritza eta hainbat andoaindar– agerraldia egin zuten astearte iluntzean Goikoplazan, Errespetatu Andoain plataformak deituta, erabaki honen nondik norakoak azaltzeko.
Bertan azaldu zutenez, «aurkeztu diren errekurtsoen arrazoi nagusiak hauek dira: Osasun publikoa eta HAPOaren urraketa; herritarren parte-hartzea saihestea; kontratazio-araudiaren urraketa». Euren hitzetan, « 'Lazo' konexio-proiektuak indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) oztopatzen du, Andoaingo garapena, hain zuzen ere, eta ez du ahalbidetzen A-15 eta N-1 artean dauden 3 km-ko tartea lekuz aldatzea. Tarte honek Gipuzkoako trafikorik handiena jasotzen du (egunean 71.000 ibilgailu), eta kutsadura akustiko zein atmosferiko maila onartezinak sortzen ditu bizilagunen osasunaren kalterako».
Era berean, herritarren parte-hartzea saihesten dela diote «Aldundiak jatorrizko 3 km-ko C-II (Elkarbizitza) proiektua zatikatu eta soilik 700 metroko zatia (Bazkardoko 'lazo' konexioa)» lizitatu duelako. «Zatiketa horren ondorioz, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua aplikatzen zaio eta horrek herritarren alegazioak aurkezteko aukera galarazten du. Proiektua oso-osorik aurkeztuz gero, ingurumen ebaluazio arrunta egin beharko litzateke, herritarren parte-hartzea ahalbidetuz». Eta azkenik, helegitea aurkeztu dutenen aburuz, «kontratazio-araudiaren urraketa nabarmena da», Sestra Ingeniería y Arquitectura S.L. enpresak lizitazioaren zehaztapen teknikoen prestaketan parte hartu zueelako, eta berak diseinatu zuelako 'lazo' alternatiba. «Hori dela eta, Kontratu Publikoen Legearen arabera, ezin luke parte hartu lehiaketa berean. Enpresa honek, Udalari eta Foru Aldundiari aurkeztutako dokumentazioak eta irudiak argi eta garbi frogatzen dute 'lazo' soluzioa beraiek garatu zutela aurretik».
Goikoplazan bildutako ordekaritza taldeak adierazi zuenez, «esleipena bertan behera uztea nahi dugu eta prozedura atzera botatzea, gardentasuna, inpartzialtasuna eta herritarren parte-hartzea bermatuz» eta «bizilagunen osasuna eta ingurumenaren babesa lehenetsiz, N-1 eta A15 arteko lotura-zatiaren konponbide egokiago baten alde egitea: HAPOa errespetatuko duena, herriko garapena bermatuko duena eta kutsadura mailak murriztuko dituena», amaitu zuten.