Alkate eta zinegotzien pertsonalerako kostua «13.997 euro murriztuko da»

Pasa den astean egin zen legealdi berriaren lehen Osoko Bilkura. / MARÍA
Pasa den astean egin zen legealdi berriaren lehen Osoko Bilkura. / MARÍA

Udal gobernuaren hitzetan «dirutan aurreko agintaldian urteko 129.473 euroko gastua izan zen eta honetan 115.476 eurokoa izango da»

MARÍA CORTÉSASTIGARRAGA.

Astigarragako Udaleko legealdi berriko lehen Osoko Bilkura pasa den astean ospatu zen eta bertan funtzionamenduari buruzko hainbat erabaki hartu ziren, besteak beste, 10 batzorde informatibo, Tokiko Gobernua eta Bozeramaileen Batzordea eratzea. Horrekin batera, Alkatetzak Tokiko Gobernuaren esku utzi zuen hainbat erabaki hartzeko eskumena, «nik bakarrik hartu ordez alderdi guztiek ordezkaritza duten organo batek har ditzan», azaldu zuen Xabi Urdangarin alkate berriak.

Alkateordeak ere izendatu ziren, lehena Aintzane Barandiaran izanik, bigarrena Andoni Gartzia, hirugarrena EAJko Nerea Zusberro eta laugarrena Mikel Duran.

Beste erakundeetan udalak izango dituen ordezkariak ere izendatu ziren, hala nola, erakunde hauetan izango dituen ordezkariak: Sagardun, Añarbe, Behemendi, San Marko, Garbitania, EUDEL, Elkarkidetza, Eskola Kontseilua, Euskal Fondoa, Udalbiltza eta Haurreskolak Partzuergoa.

Bestalde, Xabier Urdangarin alkateak abuztuaren 1etik aurrera lanaldi osoko dedikazioa izango du; Esti Neira zinegotziak irailaren 1etik aurrera lanaldi erdiko dedikazioa Alkatetzako idazkari eta komunikazio lanak egiteko eta Nerea Zusberrok lanaldi erdiko dedikazioa izango du.

EH Bilduren hitzetan, «alkate eta zinegotzien lanaldien dedikazioa murriztu egin da aurreko agintaldiarekin alderatuta: Aurreko agintaldian 3,10 lanaldi izan ziren eta oraingoan 2 lanaldi oso (bat osoa eta bi erdi). Dirutan aurreko agintaldian urteko 129.473,72 eurokoa izan zen urteko alkate eta zinegotzien pertsonaleko kostua eta agintaldi honetan, berriz, 115.476,70 eurokoa izango da, hau da, 13.997 euro gutxiago». Alkatearen ordainsariari dagokionez, «igo egingo da, izan ere lehendik nuen lanpostuaren (tokiko administrazio publikoko goi mailako eskalako karrerako funtzionario lanpostuaren) maila bereko ordainsaria izango dut (hileko 3845,13 euroko ordainsari gordina)».

15 egunetako balorazioa

Udal Gobernuak lehen asteetako balorazioa egin nahi izan du. «Udaleko zerbitzu eta sailekin bilerak egiten aritu gara abiapuntuko egoera ezagutzeko. Egindako lanetan hauek azpimarratu nahi ditugu bereziki: Santio Jaien antolaketan, oso epe laburrean Santio jaien antolaketari astindu on bat eman behar izan diogu, gauza asko eta asko erabakitzeko eta egin gabe zeudelako; Hezkuntzako azpiegituretan, Haurreskiola berria egiteko, Herri Eskola handitzeko eta DBHko ikastetxea eraikitzeko espediente, dokumentu eta txosten guztiak aztertzen aritu gara (txosten batzuk ez genituen ezagutzen). Horren ondotik, urrats hauek egin ditugu: Haurreskola egiteko aurreproiektua aztertzen ari gara (besteak beste Haurreskolako hezitzaileekin), proiektua idazteko lehiaketa prestatzen ari gara (laster aterako da) eta Hezkuntza Saileko Gipuzkoako Ordezkaritzarekin bilera bat hitzartu genuen, Herri Eskola handitzeko eta DBHko ikastetxea eraikitzeko proiektuen egoera zein den aztertzeko eta lankidetzan hasteko. Gainera, auzotarrekin bilerak egingo ditugu uztailean zehar Anuska auzoan eta Santiomendi auzoan, bertako hiritartze lanen berri emateko», azaldu zuten Udal Gobernutik. Gainera, «Kultur Etxe berrira hilabete honetan bisitak antolatuko ditugu herriko kultur eragileekin».

Hurrengo Osoko Bilkura

Hurrengo Osoko Bilkura hilabete bukaeran, hau da, uztailaren 23an izango da, festen haurretik, hainbat gai erabakitzeko. Gainera, Ogasun Batzordeak, Hirigintza Batzordeak eta Kultura eta Euskara Batzordeak beren lehen bilerak egingo dituzte.