Mintzalagunak aisialdia euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen du aurten ere

Mónica Martínez, Miren Tolosa, Beñat Alzaga eta Sara Roura, atzoko prentsaurrekoan. / F. DE LA HERA
Mónica Martínez, Miren Tolosa, Beñat Alzaga eta Sara Roura, atzoko prentsaurrekoan. / F. DE LA HERA

Egitasmoa hizkuntzaren erabilera hobetu nahi dutenei zuzenduta dago eta izena emateko epea urriaren 8tik 16ra arte egongo da zabalik

JOANA OCHOTECO IRUN.

Mintzalaguna programaren edizio berri bat martxan dago. Aurten ere, giro informalean euskara praktikatu nahi dutenei egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie. Euskara arloko ordezkariak, Mónica Martínezek, atzo aurkeztu zuen Mintzalagunaren edizio berria Udal Euskaltegiko eta Irungo AEK-ko zuzendariekin, Miren Tolosa eta Beñat Alzaga.

«Euskara ikasten ari direnei eta hizkuntza praktikatu nahi duten hiritarrei zuzendutako ekimena da hau», azaldu zuen Mónica Martínezek. «Helburu nagusia euskaraz hitz egitea da», gogorarazi zuen, «partaideek nahi duten moduan eta tokian, beti euskaraz eta giro onean». Mintzalaguna programaren barne bost edo sei lagunez osatutako taldeak antolatzen dira, «eta astean behin ibiltzen dira elkarrekin».

Miren Tolosak egitasmoaren dinamikan sakondu zuen: «Talde bakoitzak dinamizatzaile bat izaten du, mintzalaguna deitzen dioguna. Euskal hiztun bat izaten da. Gainontzeko kideak, mintzakideak, euskara praktikatu nahi duten herritarrak dira». Astero burutzen dituzten topaketa horietan «irteerak, ekintza kulturalak, afariak... antolatzen dituzte», azaldu zuen Tolosak.

Iazko partaide batek esperientzia «oso baliagarria» izan dela baieztatu zuen

Edozein kuadrillaren modura, egitasmoak lagun artean ondo pasa-tzeko aukera eskaintzen du, euskararen praktika topaketen ardatza delarik. Taldeko kideek zehazten dute noiz burutuko dituzten topaketak eta baita zer egingo duten egun bakoitzean.

Iaz 67 partaide

Mintzalaguna programa «lagun euskaldunak egiteko modua da, eta taldetik kanpo euskaraz bizitzeko aukera ere eskaintzen die», azpimarratu zuen Udal Euskaltegiko zuzendariak. Joan den ikasturtean, 67 pertsonek parte hartu zuten Min-tzalaguna egitasmoan.

Sara Rourak mintzakide gisa parte hartu zuen iazko Mintzalaguna programan, eta bere esperientzia partekatu zuen aurtengo edizioaren aurkezpenean: «oraindik euskaraz ikasten ari naiz. Duela hiru urte hasi nintzen Bartzelonan. Duela bi urte, hona etorri nintzen bizitzera nire mutil-lagunarekin. Funtzionaria naiz, eta hemen eskola publiko batean lan egiteko EGA eskatzen dutenez, ba hemen nago», titulu hori lortzeko lanean.

Berarentzat, azpimarratu zuenez, Mintzalaguna programa «oso baliagarria izan da. Berez, talde batean jarraitzen dut eta astero elkartzen gara. Pertsona gutxi garenez, eta maiz elkartzen garenez, harreman berezia sortu da gure artean. Horregatik, denei gomendatzen diet Mintzalaguna programan parte hartzea», azpimarratu zuen Rourak.

Mintzalaguna programan izena emateko epea urriaren 8tik 16ra arte egongo da zabalik. Egitasmoaren inguruan informazio gehiago lortu nahi dutenek Irungo Udaleko Euskara arloaren atarira jo dezakete, www.irun.org/euskara helbidean. Udal Euskaltegian ere galdetu daiteke, bai telefonoz deituz 943 505 273 zenbakira edo bertara hurbilduz, Urdanibia plazako eraikinera. Izena emateko ere, web orriaren bidez edo Euskaltegiarekin harremanetan jarriz egin daitezke inskripzioak. Mintzalaguna egitasmoan parte hartzea doan da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos