Loidi bekaren barne egindako azken ikerketaren emaitzak aurkeztu dira

Maddi Mujika, Mónica Martínez, Nere Amaia Laskurain eta Iban Eguzkitza, lanaren emaitzen aurkezpenean. /
Maddi Mujika, Mónica Martínez, Nere Amaia Laskurain eta Iban Eguzkitza, lanaren emaitzen aurkezpenean.

Nere Amaia Laskurainek eta Maddi Mujikak sasiarkazia espezie inbaditzailearen inguruko lana burutu dute

JOANA OCHOTECO IRUN.

'Sasiarkazia espezie inbadi-tzailearen azterketa dendrokronologikoa Bidasoa behera eskualdean' da Jose Antonio Loidi bekaren 2016ko edizioa irabazi zuen lanaren izenburua. Nere Amaia Laskurain eta Maddi Mujika Arrizabalaga iker-tzaileek lana burutu dute eta haren emaitzak aurkeztu dituzte.

Sasiarkazia «ezaguna da bai Europan eta baita Iberiar penintsulan ere, baina oso lan gutxi daude guk egin dugun arloan, hau da, demografia eta espeziearen hazkuntza aldi berean aztertzen dutenak», azaldu zuen Nere Amaia Laskurainek. Ikertzaileek burutu duten lanaren helburu nagusia sasiarkaziaz (espezie exotiko inbaditzailea eta baita aitzindaria) eta haritz kandudunez (bertako espeziea) osatutako basoen dinamika aztertzea izan da. Horretarako, Gipuzkoako hiru basoetan lan egin dute, bi Irungo eremuan kokatuak eta beste bat Oñatin. «Baso horietako dinamikak aztertu ditugu», erantsi zuen Maddi Mujikak.

«Emaitza interesagarriak»

Espezie exotiko inbaditzaileek «mehatxu bat suposatu dezakete sartu diren eremuko espezientzat. Horregatik inportantea da hauek aztertzea», azaldu zuen Maddi Mujikak. Gainera, sasiarkazia «espezie aldatzailea da baita ere: bertako baldintza naturalak eraldatzen ditu. Horrek lekuko biodibertsitatean eragina edukiko du». Sasiarkaziaren hazkuntza eta birsorkuntza haritz kandudunarekin alderatuz, «emai-tza interesagarriak lortu ditugu», aurreratu zuen ikertzaileak.

«Bi espezieei dagokionez, sasiarkaziak haritzak baino hilkortasun-tasa handiagoa eta birsorkuntza-tasa txikiagoa ditu. Hazkuntzari erreparatuz, Irungo lehenengo partzelan eta Oñatikoan haritzaren hazkuntzak sasiarkaziarena gailendu du azken urteetan», azaldu zuten ikertzaileek. «Hortaz gain, haritza klimarekiko sasiarkazia baino sentikorragoa dela ikusi da. Eta hasiera batean esperotakoaren kontrara, konpetentziarekiko ere bai».

Datu hauek kontuan izanik, «ikertutako basoen kudeaketa orain bezala mantenduz gero, sasiarkaziaren ugaritasuna murriztu daiteke, beste espezieen aldean erakutsi duen birsorkuntza gaitasun baxua dela eta», esan zuen Maddi Mujikak. Baina, ikertzaileek baieztatu dutenez, euri gutxiago egiten duenean haritzaren hazkuntza ahultzen da. Beraz, «klima aldaketak udako prezipitazioen beherakada ekarriko balu, honen efektua haritzengan sasiarkaziarengan baino handiagoa izango litzatekeela estimatzen da». Hau da, eurien urritasuna «haritzak kaltetuko lituzke».

Lanaren argitalpena

Zuhaitzen hazkundea aztertzeko ikertzaileek dendrokronologia erabili dute: teknika honen bidez, «zuhaitzen enborren eraztunak neurtzen dira. Hauen zabalera neurtuta, urte bakoitzean zuhaitza zenbat hazi den jakin dezakegu», azaldu zuen Maddi Mujikak.

Nere Amaia Laskurainek eskerrak eman zizkien «bai Irungo Udalari eta baita Euskera zerbitzuari, ikerketa hau burutzeko laguntzagatik». Egindako lanak «ikasten jarraitzeko gogoa ematen digu. Lortutako emaitzak interesgarriak izan dira eta gure asmoa hauei irteera ematea da, eta nazioarteko mailako aldizkari batean argitaratzea».

Más

 

Fotos

Vídeos