Irun
'Itzulera' antzerkia eskainiko dute igandean Amaia Kultur Zentroan19:00etan emango diote hasiera Dejabu taldearen «road movie lotsagabe eta psikodelikoari»
M. A. I.
Irun
Asteazkena, 29 urria 2025
Dejabu konpainiak 'Itzulera' antzezlana taularatuko du igandean Amaia Kultur Zentroan 19:00etan. Sarrerak 8,5 eurotan eros daitezke irun.org atarian edo Luis Marianoko turismo bulegoan. Soberan geratuko balira, azken sarrerak Amaia KZ-ko lehatilan salduko dira igandean bertan.
Antzezlana «ikusleen begibistan eraikitzen den road movie lotsagabe eta psikodelikoa» da konpainiaren hitzetan. Hiru kidek –Ainarak, Urkok eta Mirenek–, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du erritmo biziko komediak. Etxepare Euskal Institutuak emandako beka bati esker, bizi eta sormen krisian dauden hiru protagonistak diasporako euskaldunak elkarrizketaratzera doaz bidaian. Ustegabeko gertaera batek bidaiaren norabidea aldatuko du eta ikuslea deliriozko abentura batean murgilduko du, non ez diren faltako autoen persekuzioak, bidaia haluzinogenoak edo bizitza konplikatuko dien chihuahua bat.
Hiru antzezleez gainera (Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo), David Aguilar zinegilea egongo da Amaia KZ-ko eszenatokian, irudiak denbora errealean sortuz eta errealizatuz. Ikuslegoak, gainera, Ander Fernandez konpositoreak sortutako soinu bandarekin, Andoni Mendizabalen argi diseinuekin eta Barbara Rassok sortutako fantasiako jantziteriaz gozatuko du emanaldian.
Poesia bisual handiko proposamenak errealitatea eta fikzioaren arteko jolasa du oinarri. Autofikzioa lanabes hartuta, identitateaz eta munduarekin dugun harremanaz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.
2001ean sortu zuten Dejabu konpainia Ainara Gurrutxagak, Urko Redondok eta Miren Alcalak eta 2013an Antzerki Labea eskola abian jarri zuten antzerki garaikidea herritarren eskura jartzeko helburuarekin. Gaur egun Niessen Kulturgunean egoiliarra da konpainia eta Fabrikaren gidaritza taldeko kidea.