Irungo Udalak Euskararen Eguna zela eta adierazpen instituzionala onartu zuen atzo

M.A.I. IRUN.

Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, Adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Irungo Udalak. «Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia. Bizi. Prest. Halaxe datorkigu euskara bere aurtengo Nazioarteko Egunean. Eta halaxe doa etorkizunerantz. Mingainetan, pantailetan, uhinetan bizi-bizi. Zernahitarako prest», hasten da testua.

Erabileraren inguruan dio: «Etxean bizi-bizi, kalean bezala; bizi-bizi eskolako jolastokian, ikasgelan bezala; lantokian bizi-bizi, lagunarteko solasaldietan bezala; bizi-bizi osagilearenean, saltokian bezala; zuzeneko harremanetan bizi-bizi, birtualetan bezala; bizi-bizi kirolean, liburuetan edo zineman bezala. Prest gaude euskal herritar gehien-gehienok hori horrela izan dadin. Prest gaude euskarari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda dadin, samur bezain indartsu». Eta erreklamazio gardena: «Dakiguna dakigula, entzuten ez dena da euskara kaskar bakarra».

Euskaldun bizi

«Euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea», eskatu zuen adierazpen instituzionalak. «Euskararen erabileran egin beharreko urrats erabakigarri hau zinez da gizarte-eraldaketa zabal sakona, neurri historikoa duena, gure gizartearen bilakabidean mugarri izango dena. Eta, neurri horretako aldaketa guztien antzera, adostasuna du elikagai nagusi, prestasun eta prestutasunarekin batera. Euskararen gizartea. Gizartearen euskara. Adostasuna eta batasuna dira bidea, euskarak batura behar du, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa».

Konpromisoa eskatu zuen. «A-tzean utzi behar dugu beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea. Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu, hori eta ez besterik delako, azken finean, gizartearen helburu kolektiboa: aukera pertsonal ugariren batura. Eta egin egingo dugu. Munduari euskaraz ere helduz, euskararentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskara ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz. Euskarak eguneroko bizitza aberastu dezan; eguneroko bizitzak euskara bete dezan. Elkarrekin. Elkarrenganako errespetu osoz, elkarrengandik adorea jasoz. Elkarri euskara eskainiz. Euskara bizi-indarrez sendoagotuz. Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia».

 

Fotos

Vídeos