Irundarron hizkuntza ohiturak astintzeko burutuko da Euskaraldia

Euskaraldiaren lantaldearen aurkezpena San Juan plazan ospatu zen.
/F. DE LA HERA
Euskaraldiaren lantaldearen aurkezpena San Juan plazan ospatu zen. / F. DE LA HERA

350 udalerritan baino gehiagotan egingo da Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topagunea bultzatu duten proposamen hau

IÑIGO MORONDO IRUN.

Irun hiriak azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldia ekimenean parte hartuko du. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta, 350 udalerritan baino gehiagotan burutuko da egun horietan. Irunen gizarte ezberdinetako ordezkariez osatutako lantaldea eta udalaren artean antolatzen ari dira.

Euskaraldia euskararen erabilera areagotzea helburu izango duen ariketa soziala izango da. Hamaika egunetan zehar garatuko da eta horietarako 16 urtetik gorako irundarrek bere rola aukeratu beharko dute, 'ahobizi' edo 'belarriprest'. Eramango duten txaparekin identifikatuko dira batzuk eta besteak. Ariketaren helburua hizkuntzarekin dauden inertziak astintzea da eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea. Norberak bere inguruan egingo du ariketa: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan... Txapa jaso eta Euskaraldian parte hartzeko, izena eman beharra dago. Hilaren 20an hasiko da horretarako epea interneten bidez, www.euskaraldia.eus web gunean. Hiriko hainbat puntutan banatuko diren orrien bidez ere egiteko aukera egongo da, bete ondoren SAC bulegoan egongo den kutxan entregatuz.

Ahobizi
Euskaraz egingo dio ulertzen duen orori, hark erdaraz erantzun arren.
Lehen hitza euskaraz egingo die, gutxienez, ezezagunei.
Belarriprest
Berarekin euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko du, ulertu egiten baitu.
Euskara edo erdaraz erantzun ahal izango du, baina euskaraz egin diezaioten nahiko du.

Lantalde handia

Aste honetan Irunen ekimena bultzatzen duen lantaldeak aurkezpena egin du. Olatz Bengoetxea eta Ainara Maya izan ziren talde motor horri ahotsa eman ziotenak, ariketaren dinamika esplikatu zutenak. Gainera, Euskaraldiaren antolakuntzan lagundu nahi dutenei gonbitea luzatu zieten, hilaren 20, 19:00etan, Palmera Montero Gunean egingo den batzarran agarteeiertzeko. «Lan talde ederra dugu eta handiagoa izango da azaroan. Erakutsiko dugu Irunen ere euskaraz bizitzeko aukera eta nahia dagoela».

Udala ere talde horrekin elkarlanean dabilela esan zuten eta Mónica Martínez euskara zinegotziak, bere ondoan eserita, hitz batzuk esan zituen. Lehenik eskerrak eman zituen aurkezpen horri babesa eman zioten «pertsona, giza erakunde, udal talde eta gainontzeko elkarteak. Hauek dira Irunen Euskaraldia ahalbidetu dutenak». Lantaldearen lana goraipatu eta euskararen erabilera sendotzeko ahalegina txalotu zuen, erabilera horretara animatuz «ahobizi edo belarriprest izanda».

Aurkezpenean beste bi ahots entzun ziren. Batetik Sisa Liseth Tulcanazo Vásquez gaztearena. Ecuadorren jaioa, indigena eta ama hizkuntza quechua duena. «Zortzi urtekin etorri nintzen Euskal Herrira eta 17 daramat Irunen bizitzen. Nire nahia, eskolan ikasitako euskara erabili eta indartzea da, nere adopziozko hizkuntza bihurtzea. Saiatzen naiz baina ez dut dena ulertzen, ez beti ondo. Zuen pazientzia behar dut. Nik esfortzua egiten jarraituko dut. Ni belarriprest naiz».

Bestetik, Jabier Muguruza abeslaria. Euskaraldiak proposatzen duen ariketa «interesgarria» ikusten duela esan zuen. «Modu positiboan, euskaldunok euskaraz aritzeko orduan oztopo izaten diren inertziak puskatzea du helburu. Gogoko dut ariketa ohiko kontsignak alde batera utzita, erabilera indartzeko ahaleginan jarriko direlako indarrak. Erabilera da funtzeskoena». Aipatu zuen ere gustokoa zuela «ez dudalako triunfalismorik somatzen. Gutxiengo bat gara, baina ez gutxiengo etsia. Gure eskubideak ditugu maite dugun hizkuntza hau indartzeko eta zabaltzeko». Afektuaren garrantzia nabarmendu zuen, izan ere, «benetako atxikimendua lortzen da hizkuntzaz, quechua izan ala euskara izan, maitemintzen zarenean».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos