Irun
Gazteek hitza hartzen dute elikadura arduratsuaren arloanIkastetxeei zuzendutako Gazteak On lehiaketak bere bigarren edizioa aurkeztu du
M. A. I.
irun.
Asteartea, 2 abendua 2025, 20:20
Maïa Permaculture kooperatibak eta Bidasoa Txingudi eskualdeko elikadura-kontsumo taldeek (Labore Txingudi eta Hendaiakoop) 'Gazteak On: Elikadura erronka' lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu dute Toki Alai Bigarren Hezkuntzako ikastetxean. Ekimen honen helburua Bidasoa-Txingudi eta inguruko ikas eremu naturaleko gazteek hausnarketatik sortutako sentsibilizazio-proiektuak garatzea eta haien ideiak ikus-entzunezko baliabideen bidez gizarteratzea da.
«Iazko edizioak erakutsi zigun gazteek badutela ikuspuntu kritikoa, sormena eta inplikazio handia elikaduraren erronka nagusien inguruan. Horregatik, aurten beste urrats bat egin dugu», azaldu zuen Laboreko Oihana Galardik. Zehazki, eskualdeko parte-hartzea zabaldu da eta, aurten, Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Biriatu, Ziburu eta Donibane Lohizuneko ikastetxeei luzatu zaie parte hartzeko gonbidapena. Gainera, «bideogintza tailerrak eta baliabide tekniko gehiago eskainiko dizkiegu ikastetxeei».
Lehiaketa DBHko adinean dauden gazteei zuzenduta dago. Bideoen bidez, honako gaiak landu beharko dituzte partaideek: elikadura jasangarria eta tokikoa, eskola-komunitatean garatu nahi dituzten proiektu eraldatzaileak eta komunikazioa, ikus-entzunezkoa eta talde-lana.
Lehiaketak bost fase izango ditu, izen-ematetik sari banaketara. Izena emateko edo informazio gehiago lortzerko, www.gazteakon.eus web gunera jo daiteke.
Iazko irabazleen esperientzia
Aurtengo edizioaren aurkezpenean iazko irabazleak izan ziren: Elaia Arbelaiz 4º mailako ikasleak azaldu zuenez, «gonbidapen bat luzatu ziguten elikagaien inguruan hausnarketa egiteko. Ikastetxean galdetegiak zabaldu genituen eta jasotako informazioarekin bideoak prestatu genituen. Bideoetan denboran zehar hamaiketakoen aldaketa ikusi genuen, ez bakarrik osasunari dagokionez, baita plastikoen erabileran ere». Gazteak aipatu zuenez, «ez genuen irabaztea espero; gure helburua hausnarketa zabaltzea zen. Hala ere, poz handia eman zigun irabazteak. Eta ilusioa egiten digu guk proposatutako proiektu bat ikastetxean martxan jarri izana: aurten 'fruta eguna' antolatu dugu eta arrakasta handia izan du». 2º mailako Osertz Ubegunek erantsi zuenez, «sariarekin jasotako dirua aurten izango dugu erabiltzeko. Baratzarekin loturiko ideietan pentsatu dugu; gure ikastetxean horrek du elikadurarekin lotura handiena. Azkenean erabaki dugu diru gehiena negutegian inbertitzea, eta beste zati bat hazi eta ongarrien erosketa indartzera bideratzea».