'Airetik!' eta konstantziaren ondorioz iritsi da Gaztelekuko erakusketa berria

Garikoitz Murua, Mónica Martínez eta Josu Gonzálezek erakusketa aurkeztu zuten. /  FOTOS: F. DE LA HERA
Garikoitz Murua, Mónica Martínez eta Josu Gonzálezek erakusketa aurkeztu zuten. / FOTOS: F. DE LA HERA

Josu Gonzálezen marrazkiak gaurtik aurrera daude ikusgai Martindozenean | Artista gazte honek bere lanari buruzko tailer bat eskainiko du datorren asteartean

JOANA OCHOTECO IRUN.

Josu González Martindozenea Gaztelekuko ohizko erabiltzailea da. Gazteartean Expo programaren barne antolatzen diren erakusketak ikusten zituenean pentsamendu bat etortzen zitzaion burura: «beste artisten lanak ikusten nituen eta nireak ere hemen egotea nahi nuen». Gaitasunak eta konstantziak pentsamendu hori errealitate bihurtu dute eta gaur larunbata, 18:30ean, Josu Gonzálezek bere 'Airetik!' erakusketa zabalduko du Martindozenean.

«Poza haundia da Josu gurekin izatea. Bere lanaren emaitza bikaina izan da», azpimarratu zuen Garikoitz Muruak, Gazteartean Expo programaren koordinatzaileak. Panaman jaioa, Josu González «lau edo bost urte» zituenean hasi zen marrazten. Zuzenean bizi izan ditu Gaztelekuan «sortu diren erakusketak, proiektuak eta tailerrak». Esperientzi horrek «ikutu bat izan du beregan eta horrek bultzatu dio gaur egun bere erakusketa antolatzera», azaldu zuen Muruak. Oraingoan Josuk aurkezten duen lana «kalitate handikoa da, formatua eta aurkezpena zaindu ditu».

Heldutasuna eta ardura

«Beste artisten lanak ikusten nituen eta nireak ere hemen egotea nahi nuen»

Hegazkinak dira 'Airetik!' erakusketaren gaia. «Lagun batek bultzatu zidan mundu horretara», azaldu du artista gazteak. Elkarrekin joaten ziren Hondarribiko aireportura hegazkinak ikustera, eta Josu «momentu esanguratsu horiek» gorde-tzeko helburuarekin hasi zen marrazten. Gainera, gai horrek «beste artistetatik desberdintzen nau», azaltzen du.

Gaztelekuan aurkezten dituen lanak «arkatza, tinta eta kolorezko rotuladoreekin» egindakoak dira. «Material arruntak dira, baina hemen ikusi daitekeen bezala gaitasun pixka batekin eta lan askorekin posible da emaitza on bat lortzea», azpimarratu zuen Garikoitz Muruak.

Ane Calvo Martindozeneako koordinatzaileak azaldu zuenez, «hemen 'Kreatibitatearen gela' deitzen duguna daukagu. Bertan, Gaztelekuko erabiltzaileek beraien esku dute material pila bat. Hor ikusten dugu hainbat gazteek trebezia dutela margotzeko edo eskulanak egiteko. Josu lanketa oso on batekin etorri zitzaigun erakusketa bat egin nahi zuela esanez».

Gaztelekuko langileak Garikoitz Muruarekin harremanetan jarri ziren proiektuari forma emateko. Gainera, garai horretan «Josuk hemezortzi urte bete behar zituen», eta erakusketaren antolaketa «bere heldutasuna eta ardura» frogatzeko aukera ona zen. Gaztearen erantzuna oso ona izan da. «Konpromiso handia hartu du eta heldutasuna eta ikasteko prestotasuna erakutsi ditu», azpimarratu zuen Garikoitz Muruak. Gainera, erakusketaren antolakuntzan lan egitean arlo honetako prozesuetan beharrezkoak diren formalitateei buruz ikasteko aukera izan du. «Oso harro gaude Josuk bizi izan duen prozesuaz», erantsi zuen Ane Calvok. Horrelako ekimenen bidez «gure inguruan dauden gazteei merezi duten garrantzia» ematen zaie.

Manga marrazkien tailerra

Gaur arratsaldeko inaugurazioaren ondoren, 'Airetik!' erakusketa hilabete osoan Gaztelekun izango da ikusgai, asteartetik ostegunera 17:00tik 20:0etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00tik 21:00tara.

Gainera, Josu Gonzálezek tailer bat eskainiko du asteartean. «Bertan aurkeztuko digu zein den manga marrazkia egiteko prozesua eta nola moldatzen dituen berak, bere teknikarekin, hainbat pertsonai», aurreratu zuen Garikoitz Muruak. Tailerra 17:30ean hasiko da eta gazteei zuzenduta dago.

Más