Txillardegiri buruzko liburu aurkezpena eta dokumentala Kultur Etxean

I.A. HONDARRIBIA.

Blagan Euskara Elkarteak Txillardegiri buruzko saioa antolatu du gaur, arratsaldeko 19.00etan Kultur Etxean. Bertan, liburu baten aurkezpena egingo da eta dokumental bat eskainiko, biak ere hizkuntzalari, euskaltzale, idazle eta politikari donostiarrari buruz.

Lehenik Miren Rubiok 'Txillardegi. Batasunaren prentsalaria' liburua aurkeztuko du, berak idatzitakoa eta Joxe Azurmendiren hitzaurrea duena. Filosofoaren ustez, «XX. mendeko bigarren erdiko une erabakigarri guztietan Euskal Herriak behar izan duen pertsona izan da Txillardegi. Pentsalari zein eragile, aitzindari izan baita hainbat arlotan: euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen, besteak beste. Ekin eta ETAren sortzaile izan zen, eta politikan ere jardun zuen gaztetatik, ondoren ESB, HB eta Aralar alderdiekin militatzeko».

Segidan, Kote Camacho zuzendariak abian den 21. Korrikarako sortu duen dokumentala ikusi ahal izango da,'Txillardegiren Klika' izenburua duena. 14. Korrika zela eta Txillardegiri egindako elkarrizketa bat du ardatz dokumental honek.