Borrar
Mikel Button, Ortzi Alonso Kultura zinegotzia eta Amaiur Calvette, Arma Plazako erakusketan. I.A.

Nafarrora begira jarri da aurten 'Hondarribia dantzan'

Gaur Otsagabiako dantzariek eta Kemen Dantza Taldeak agerraldia egingo dute Santa María Magdalena plazan

Iñigo Aristizabal

HONDARRIBIA.

Jueves, 22 de mayo 2025, 20:42

Hemezortzigarrenez ospatzen ari da 'Hondarribia Dantzan' eta Arma Plazan dagoen Nafarroako jantzien erakusketa eta atzoko 'Momotxorroak' filma eta mahai-inguruaren ostean, asteburu oparoa prestatu du Kemen Dantza Taldeak.

Hala nola, gaur 19:00etan dantza saioa egingo dute Santa María Magdalenan Otsagabiako dantzariek eta Kemenekoek, bihar 'Gamazada' ikusi ahal izango da Arma Plazan eta igandea Dantzari Txiki eguna izango da.

  • Gaur. 19 00, Santa María Magdalena plazan, Otsagabiako dantzariak eta Kemen Dantza Taldea.

  • Larunbata. 19 00, Arma Plazan, Gamazada ikuskizuna.

  • Igandea. Dantzari Txiki eguna, 11 00etatik aurrera herrian zehar, 12:30ean Arma Plazan eta 16:00etan erromeria Soroetako frontoian.

  • Erakusketa Nafarroako jantziak, Arma Plazan. Igandea azken eguna.

Adaxka-Kemen Dantza Taldea (Irun-Hondarribia), Ortzadar Euskal Folklore Taldea (Iruñea), Tantirumairu Dantza Taldea (Lesaka), Lurra Dantza Taldea (Urretxu), Akelarre Dantza taldea (Hendaia) eta Hondarribiko Musika Eskolako dantzariak 11:00etan irtengo dira kalejiran, 12:30ean dantza saioa eskainiko dute Arma Plazan eta 16:00etatik aurrera erromeria egingo dute Soroetan.

Kemen Dantza Taldeko Mikel Buttonek adierazi duenez, «aurten Nafarroa dugu erdigune moduan eta ez da lehenengo aldia. Zenbait pieza juntatu zitzaizkigulako Nafarroarekin zerikusia zutenak, jantzien erakusketarekin osatu zitekeela ikusi genuen eta hala prestatu dugu».

Nafarroako tradizio ezberdinetako jantziak biltzen dituen erakusketa gaur eta bihar 10:00etatik 19:00etara eta igandean 10:00etatik 14:00etara ikusi daiteke Arma Plazan.

Udalari eskerrak eman ondoren, argitu zuen nola «'Hondarribia Dantzan' antolatzen dugunean gure helburu nagusietako bat eskualde mailan euskal dantza sustatzea den, eta baita Euskal Herri luze zabaleko tradizio dantzatua zabaltzea. Txoko ezberdinetako dantzak eta ohiturak Hondarribira ekartzea, herritarrek ezagutu eta gozatu ahal izateko».

Aurtengo gonbidatua Otsagabiako dantza taldea izango da. «Lehenengo aldia da etorriko direna eta hondarribitarrentzat aukera polita da hango dantzak ezagutzeko. Normalean irailaren 8an dantzatzen dute».

Larunbateko 'Gamazada' ikuskizunari buruz, berriz, zera esan zuen: «Ez da bakarrik dantza. Baita bertsoak, umore pixka bat eta kritika sozial moduan antzerki moduko bat da, gertakari historikoetan oinarrituta». Eta Dantzari Txiki egunari dagokionez, «guretzat oso berezia da, gure harrobiko dantzariek jendaurrean dantzatzeko aukera dutelako eta beste hainbat herritako dantzariak ere etorriko direlako».

Ortzi Alonso Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkio Kemen Dantza Taldeari «18 urtez halako eskaintza aberatsa egiteagatik. Euskal Herriko dantza desberdinak ezagutarazteko lan bikaina egiten dute, emaitza oso onekin».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Nafarrora begira jarri da aurten 'Hondarribia dantzan'

Nafarrora begira jarri da aurten 'Hondarribia dantzan'