Mitzanlagunan parte hartzeko bigarren deia

Mintzalaguna egitasmoan parte hartu duten kideetako batzu, urrian egindako aurkezpenean./
Mintzalaguna egitasmoan parte hartu duten kideetako batzu, urrian egindako aurkezpenean.

Urritik martxan den egitasmoaren seigarren kurtsora batzeko aukera dago, otsailak 10 arte

I.A. HONDARRIBIA.

'Egin Jauzi!' leloarekin, pasa den urrian hasi zen Mintzalagunaren ikasturte berri bat, seigarrena. Nahiz eta egitasmoa martxan den, nahi duen orok oraindik ere badu izena emateko aukera, otsailak 10 arte.

Mintzalagun berriek dagoeneko osatuak dauden taldeetan hasteko aukera izango dute edota talde berriak sortuko dira ordutegi eta egun berrietan. Gaur egun martxan dauden taldeak hauek dira: Astelehenetan, 16:00etan eta 17:00etan eta guraso eta haurren taldea 17:30ean; astearteetan, 11:30ean eta 18:30ean; asteazkenetan, 19:00etan bi talde; ostegunetan, 9:30ean eta 18:00etan eta guraso taldea 15:00etan; eta ostiraletan 18:00etan eta 19:00etan.

Parte hartu nahi dutenek, email bat idatzi dezakete mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera, 688-865398 telefonora deitu edota https://labur.eus/hondarribia web orrian sartu.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera eskaintzen du Mintzalagunak, euskara gehiago erabili nahi duten pertsonak biltzen ditu 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak eta euskaraz gehiago aritu nahi dutenak. Astero elkartzen dira eta gutxienez ordu betez aritzen dira euskaraz kafetxo bat hartzen duten bitartean edo paseo bat ematen.

Hilean behin gainera, ekintza bateratu bat antolatzen da, horrela talde ezberdinetako kideek elkar ezagutzeko eta jende berria ezagutu ahala, bakoitzaren euskarazko harreman sarea handitzen da. Honek eragin zuzena du herriko euskararen kale erabileran, taldeak, herriko txoko ezberdinetan biltzen direlako eta euskaraz aritzeko uneak eta guneak sortzen dituelako.

Joan den abenduko Euskaraldian parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest guztiei jauzi egin eta Mintzalagun izateko gonbita luza-tzen die egitasmoak eta baita Euskaraldian parte hartu ez arren beraien hizkuntza ohiturak aldatzeko irrika dutenei ere.

 

Fotos

Vídeos