Maiatzaren 19an ospatuko da Herri Kanta Jaialdia

Gipuzkoa plazan izango da, edo auditorioan eguraldi txarra egingo balu. /  F. PORTU
Gipuzkoa plazan izango da, edo auditorioan eguraldi txarra egingo balu. / F. PORTU

I.A. HONDARRIBIA.

Aurtengoan hogeitamargarren saioa izango duen Herri kanta Jaialdia maiatzaren 19rako finkatu du Udaleko Kultura departamentuak. Goizeko 11.30ean izango da Gipuzkoa plazan, edota auditorioan eguraldi txarra egingo balu.

Jaialdian parte hartu nahi duten taldeek izena eman beharko dute BAZen eta epea ostiral hontak eguardiko ordubatetan itxiko da. Taldearen izena, zenbat partaidek osatzen duten taldea, zuzendariaren izena, harremanetarako pertsonaren izena, telefonoa eta helbide elektronikoa, eta bazkarira joango diren partaideen kopurua adierazi beharko dira izena ematerakoan.

Parte hartu ahal izateko, abesba-tzek ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte: Ahots berdinekoak edo mistoak izan litezke eta bertako kideak 16 urtez gorakoak izango dira. Abesbatza bakoitza gutxienez zortzi kidez osatuko da. Talde bakoitzeko kideen %80 gutxienez, hondarribiarrak izango dira, Hondarribian jaioak edo bertan bizi direnak.

Jaialdian zehar, talde bakoitzak nahi dituen bi kanta abestuko ditu. Hirugarren abesti bat, zuzendarien artean ostiral hontan Udaletxean 13.30ean egingo den bileran aukeratuko da. Kanta guztiak Euskal Herriko kantak eta euskaraz kantatuak izango dira. Eta laugarren eta azken abestia 'Agur Jaunak' izango da, talde guztiek eta ikusleek elkarrekin abestuko dutena.

Kultura departamentuak jaialdiaren ondoren izango den herri bazkarira gonbidatuko ditu parte hartzen duten abesbatza guztiak. Herri bazkariaren ondoren, koruek herrian zehar ibili beharko dute kantuz.