Korrika asteburu guztian zehar ospatuko da Hondarribian

Atzo udaletxean Korrika eta haren inguruko ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa egin zen. / F. DE LA HERA
Atzo udaletxean Korrika eta haren inguruko ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa egin zen. / F. DE LA HERA

Gaur txiki eta gazteen txanda izango da eta bihar jai bat antolatu da | Igandetik astelehenerako gauean testiguak hamar kilometro egingo ditu gure herrian zehar

I. A. HONDARRIBIA.

21garren Korrika martxan da eta igandetik astelehenerako gauean pasatuko da Hondarribiatik. Hala ere, lehenagotik badaude Korrikaren inguruko beste ekitaldirik.

Atzoko prentsaurrekoan Arantxa Berrotaran Euskarako zinegotziak adierazi zuenez, gaur «goizeko 10.45etan Korrika Txikia aterako da Arma Plazatik eta Sabino Aranatik igarota, Santiago kalean amai- tzeko. Jarraian, lehen aldiz Korrika Gaztea burutuko da 12.15etan, ibilbide bera jarraituz. Antolakun- tza eta azpiegitura aldetik Udalak 1.100 euro jarri ditu hontarako eta ikastetxeei eskerrak eman nahi dizkiegu beraien inplikazioagatik».

Bigarren atala larunbatean izango da, Gazte Xaiak antolatutako jaiarekin. «Udalak oholtza, karpa eta komunak jarriko ditu, 9.800 euroko laguntzarekin». Goizean erraldoi eta buruhandiak eta Abiyuan txaranga irtengo dira kalera, 14.00etan bazkari herrikoia izango da Kasino Zaharrean jarri den karpan eta arratsaldeko programan bertsolariak, Andoni Ollokiegi, Suaia eta Ama Rebel eta DJ Unai eta DJ Arra daude.

Iganderako, aldiz, Korrikaren ordutegi berantiarra ikusita, Talaia Ikastetxeak ekitaldiak antolatu ditu. 19.00tan Arma Plazan kalejira, musika eta muxikoak egongo dira eta ondoren, bingoa Kasino Zaharreko karpan.

Azkenik, Korrika asteleheneko 0.54etan sartuko da Hondarribian eta ibilbide hau egingo du: 0.54, Mendelu auzoa (Gazte Xaiaren kilometroa); 0.58, Amute (Blagan Euskara Elkartea eta Done Pedro itsas gizonen kofradia); 1.02, aireportu parean (Abotsanitz); 1.06, San Juan de Dios (EAJ-PNV); 1.09, udaletxea (udala); 1.13, San Cristóbal (Talaia BHI); 1.17, San Pedro kalea (Txantxangorri taberna); 1.19, Zuloaga kalea (Arraun Elkartea); 1.21, Maitane taberna (Olagarro eta Muara); 1.25, aireportuko rotonda (Emeki Elkartea eta Amute-Kostako auzo elkartea); 1.29, Amute (Bidasoako EH Bildu); 1.32, Psilocybe (Osakidetza Bidasoa).