'Hondarribia dantzan' ospatuko da igandera arte

Markina-Xemeningo 'Zerutxu' taldea da gonbidatuetako bat./
Markina-Xemeningo 'Zerutxu' taldea da gonbidatuetako bat.

Gaur 'Dantza' pelikula ikusi ahal izango da auditorioan eta ondoren solasaldia egingo da Telmo Esnalekin (19:00)

E.P. HONDARRIBIA.

Hamahirugarren urtez egingo den 'Hondarribia dantzan' ekitaldia dagoeneko martxan dago astelehenetik gaur arte antolatu den plazako dantzen ikastaroarekin. Kemen Dantza Taldeak prestatzen duen jaialdia euskal dantzaren inguruko jarduera ugarirekin dator igandera arte. Pelikula, mahai-inguru, erromeria edota kalejirak osatzen dute programazioa.

'Hondarribia dantzan' maiatzeko programazioan ohikoa den jarduera bat da. «Dantza modu askotan lantzen da egun hauetan», aipatu zuen Txomin Sagarzazu alkateak aurkezpenean. «Euskal Herriko herrien dantzak hurbilago ezagutzeko aukera eskatzen digu. Gainera, Kemen eta Adaxka inguruan ari diren dantzari guztiak kalera atera daitezke eta hori herriari egiten zaion eskaintza aberatsa da».

Bere momentuan ekimen xume bat bezala jaio zen baina aurten astebeteko programazioarekin dator jaialdia. Azken urte hauetan guztietan hitzaldi bat antolatu izan da baina edizio honetarako zerbait berezia egin nahi izan dute antolatzaileek, 'Dantza' pelikularen proiekzioa hain zuzen. Telmo Esnalek zuzendutako pelikularen emanaldia Itsas Etxean egingo da gaur, arratsaldeko zazpietan auditorioan (sarrerak, lau euro).

Kemen Dantza Taldetiko Mikel Buttonek «duela hilabete batzuk pelikularen emankizun arrakastatsua egin zela hirian» gogoratu zuen. «Jende asko sartzeko aukerarik gabe gelditu zen eta horregatik egitarauan barneratzeko aukera polita izan litekeela pentsatu genuen». Pelikula bukatzean Telmo Esnalekin eta Juan Antonio Urbeltz folkloristarekin mahainguruan hitzegiteko parada izango da.

Erromeria bihar

Biharko erromeria antolatu da Kemen taldeko musikariekin. Santa Maria Madalena plazan egingo da eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da. «Gonbidapena egin nahi diogu hondarribiar eta eskualdeko herritar guztiei bertan parte hartzera. Aukera polita izango da ikastaroan parte hartu dutenek ikasitakoa praktikan jartzeko», azpimarratu zuen Buttonek.

Larunbata izango da egitarau zabalena daukan eguna. Markina-Xemeingo 'Zerutxu'eta Barkoxeko dantza taldeek herriko kaleetan barrena kalejiran ibiliko dira 11:00etatik aurrera. 12:30ean, eszena tokiko saioa egingo dute bi taldeek Santa Maria Madalena plazan. Arratsalderako, beste kalejira bat. «Ez da guretzat soilik antolatzen den ekimen bat, asmoa da nahi duen guztiak dantzatzeko aukera izatea, dantza herritartzea».

Azkenik, igandean, Adaxka eguna ospatuko da, taldeko txikiek dantzatzeko jaurdunaldia. «Guretzat oso polita da gure harrobia kalera irtetzen delako. Beraientzat hunkigarria da plazetan dantzatzea, aretoetan egiten dituztelako saioak normalean. Goizeko 11:00etan hasiko dira Santa Maria Madalena plazan eta 12:00etan dantza agerketa egingo dute Arma Plazan». Txarra egingo balu biharko eta larunbateko egitarauak Soroetako frontoian egingo lirateke.