Hondarribia
Herriko bost artistek beraien lanak erakutsiko dituzte Bilboko FIG azokanAiert Alonso, Judas Arrieta, Sandra Cuesta, Naiara Goikotxea eta Julia Lasa ostegunetik igandera Euskaldunan
Bilboko Euskalduna jauregian FIG Bilbao arte garaikideko azoka ospatuko da aste hontan, ostegunetik igandera, eta nazioarteko topaketa garrantzitsu hontan izango dira Maddalen arte garaikiderako guneko bost artista: Aiert Alonso, Judas Arrieta, Sandra Cuesta, Naiara Goikotxea eta Julia Lasa.
Ortzi Alonso Kultur zinegotziak gogoratu du nola «aurtengo martxoan jarri genuen martxan Maddalen arte garaikideko gune hau eta helburuak aipatzen genituen: Batetik, Hondarribiko sortzaile edo artistak elkartzea, saretzea, elkar ezagutzea... Harremanak sustatzea eta hor sortuko diren dinamikak esango dute aurrerantzean zer izango den».
Bestetik, «artista hoiei ikusgarritasuna eman nahi diegu. Urtean zehar dinamika ezberdinak egin dira lokalean bertan, bai erakusketa, bai eta egonaldiak ere, eta kanpora ateratzeko asmoa ere bagenuen, orain FIGekin lortu duguna. Interesgarria iruditzen zaigu herriko bost artistei, eta haietako bi 'Hondarribia sormen hiria' bekaren irabazleak dira, aukera hau ematea».
Maddaleneko lehen komisarioa Judas Arrieta da, urtea amaitu arte eta ondoren beste norbaitek hartuko du ardura hori. «Poz haundia da FIGen egotea. Apirila aldean gure proiektua aukeztu genuen eta handik hilabete batzutara baiezkoarekin erantzun ziguten. Bilbon antolatzen den feria honek urte asko daramazki eta garrantzi haundia dauka. Aukera oso polita da horrelako feria internazional batean herriko artisten lanak ezagutaraztea».
Arrietak aipatu du nola «hasieran gaude, zortzi hilabete bakarrik daramazkigu proiektu honekin lanean eta espero dut ez bakarrik feria honetara joatea, baizik eta aukera izatea herriko artista gehiagok beste leku batzuetan bere lanak erakusteko».
Aukera paregabea
FIGen aukerak «paregabeak dira, ez bakarrik lanak erakusteko, baizik eta baita ere, beste galeria, beste instituzio, beste artistekin elkartu eta sinergiak aurkitzeko». Beraz, «gure helburua da ez bakarrik obra erakustea, baizik eta baita ere hitz egitea 'Hondarribia sormen hiria' eta Maddalen guneari buruz».
Aipatutako bost artistek 6-10 lan eramango dituzte Euskalduna jauregira. Onartzen du Arrietak «horrelako proiektu bat gauzatzea ez dela erraza izan, aukeraketa bat egin behar zen. Saiatu genuen karrera luzeagoa zuten artistak aukeratzen. Baiezkoa jaso arte urduritasuna egon zen, gure apostu polita bat zelako, eta azkenean lortu genuen. Pozik gaude eta hau hasiera da bakarrik. Hurrengo urtetan ere berriz saiatuko gera FIGen egoten».