'Argiaren hautsa' antzerkia ikusgai gaur auditorioan

Miren Gojenola eta Mikel Laskurain dira protagonista nagusiak./
Miren Gojenola eta Mikel Laskurain dira protagonista nagusiak.

Miren Gojenola, Mikel Laskurain, Ander Iruretagoiena eta Ane Salvador dira antzesleak

I.A. HONDARRIBIA.

Azaroan estreinatu zen Hernanin eta gaurko hirugarren emanaldia izango da. Arratsaldeko 19.30ean auditorioan Vaivén produccionesen 'Argiaren hautsa' ikusi ahal izango da. Sarrerek zortzi euro balio dute (lau, hemezortzi urtetik beherakoentzat) eta leihatila 17.30ean zabalduko dute.

Luis Elizetxeak 2016ko Donostia Hiria Kutxa literatura saria irabazi zuen lan hau, Mireia Gabilondok moldatu du eta zuzentzen du.

Aktoreak, Miren Gojenola, Mikel Laskurain, Ander Iruretagoiena eta Ane Salvador dira.

Antzerki taldeak azaltzen duenez, lanaren sinopsia hau da: «Milagrosek, bizipoza darion emakumeak, Manuel zakar eta iheskorra ezagutuko du zahar egoitza batean. Milagrosek bizitza maite du, Manuel heriotzaren zain dago. Bien artean egunak itxuraldatu eta beldurrak uxatuko dituen harremana sortuko da... Antzezlana bizitzaren eta azken aukeren aldarrikapena da, duintasunaren inguruko hausnarketa eta erronka berriei eusteko gonbidapena... Idazkera errealistari estuki helduta, baina komikigintzaren unibertsoaz eta zinema klasikoaren xarmaz zipriztindua, Argiaren hautsak bihar bertan hasteko moduko 'beste bizitza hori' jorratzen du».