Zumaiako Udal Musika Bandaren kontzertua izango da bihar Itziarren

Talka taldeko Iker Vela, Mattin Urbieta eta Alex Turrillas. /
Talka taldeko Iker Vela, Mattin Urbieta eta Alex Turrillas.

Oteizaren eskulturaren ondoan, arratsaldeko zazpietan, izango da kontzertua

ANDER SALEGI DEBA.

Joan den udan Debako Musika Bandak eskainitako kontzertua eta gero, Zumaiako Udal Musika Bandaren emanaldia egokitu da aurten, Jose Azkueren zuzendaritzapean.

Aspaldikoa da Zumaiako Udal Musika Banda, lehenengo dokumentuak XIX. mendearen bukaerara garamatzate. Urte batzuetan desagertuta egon eta gero, ezerezetik sortu zuen gaur egun ezagutzen dugun Musika Banda berria Tapia Jaunak 1980ean. Joxe Mari Romatet eta bien artean herriko hainbat eta hainbat umeri eta gazteri instrumentuak jotzen irakatsi zieten. Horrela sortu zen Zumaiako Udal Musika Banda berria, ZUMB.

2000. urtetik aurrera bereziki gogotsu ari da Zumaiako Udal Musika Banda musika zaletasuna zabaldu nahian; mende aldaketak eta milurteko berriak musika banden funtzio soziala garai berrietara egokitzea eskatzen dute. Gaur egun berrogei partaide inguruk osatzen dute Zumaiako Udal Musika Banda, gehienak oso gazteak.

Hogeita hamar urte hauetan, ekintza askotan parte hartu izan du: kontzertuak, prozesioak, kalejirak, dantzaldiak, danborradak eta abar. Zumaiatik kanpo ere hainbat eta hainbat kontzertu eskaini ditu. Hauxe da Itziarren jotzen duten lehenengo aldia.

Larunbateko kontzertuaren programari dagokionez, M. Penellaren El gato Montés, J. Francoren Aires Vascos Nº 2, M. Storyren New York, New York, T. Sahashiren Deep Purple Medley, eta K. Badelten Pirates of the Caribbean piezak joko dituzte.

Kontzertua, Itziarko eliza atzealdeko parkean izango da, Oteizaren eskulturaren ondoan, arratsaldeko 19:00etan. Eguraldi txarra egiten badu, eliza barruan egingo da kontzertua. Itziarko Auzo Udalak bultzatutako udaberri-udako kultur eskaintzaren barne kokatzen da kontzertu hau.

Begirada desberdinak ekitaldi batean

Iturri Ondoko programazioari azken bi emanaldi falta zaizkio. Gaur, bosgarren urtez, Debako irudigile, dantzari, bertsolari eta idazleen arteko elkarlanetik sortutako ekitaldia eskainiko da. Begirada desberdinak eskaintzeko aukera edukiko dute artistak. Irudi egileak: Aitor Oñederra, Asier Badiola, Willy Berasaluze, Jon Amutxastegi, Nora Mugartza, Kauldi Iriondo, Uxue Pascual eta David Aprea izango dira. Dantzariak: Kulunka dantza taldekoak izango dira. Idazleak: Itsaso Itziar, Haika Aizpurua, Eider Aldalur, Lander Aranberri, Julia Ron, Maria San Juan, Ketxus Amasorrain, Goizane Aizpurua, Maria Aizpurua, Iraia Agirrezabala, Ainara Sedano, Mattin Urbieta, Arantza Iriondo eta Rikardo Idiakez izango dira. Musika jarriko duten bertsolariak: Antton Aizpurua eta Manex Astigarraga izango dira.

Kantu afaria

Iturri Ondoan programa Kantu Afari batekin amaituko da uztailaren 27an. Talka talde debarra (Iker Vela, Mattin Urbieta eta Alex Turrillas) oholtza gainean jarrita, kantuan arituko dira. Afarian, Kalean kantuzek Udalaren laguntzarekin argitaratu duen kantu liburua banatuko da. Afarirako txartelak Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira datorren uztailaren 23ra arte, 20 euroren truke (kantu liburua barne). Afaria eta kontzertua kioskoan egongo den karpan izango da gaueko hamarretan. Afarira ez doana eta liburua eskuratu nahi badu, 3 eurotan erosi ahal izango du Turismo Bulegoan.

 

Fotos

Vídeos