Zestoako Musika Bandak udako kontzertua eskainiko du gaur arratsaldean Itziarren

Musikak tradizio handia du Zestoan. Banda sortzeko lehen saioak 1910an hasi ziren. / A.S.
Musikak tradizio handia du Zestoan. Banda sortzeko lehen saioak 1910an hasi ziren. / A.S.

Errepertorio anitz eta alaia joko du bertan, itsas bista ederrean, Oteizaren eskulturaren ondoan

ANDER SALEGIDEBA.

Bere azken ekintzetara iristen ari da aurtengo udaberri-udako egirarau kulturala Itziarren. Honela, Zestoako Musika Bandaren kontzertua iragarria dute gaurko. Azken urtetan bezala, aire librean uda giroko musika ospakizuna eskaintzea da ekitaldi honen asmoa, itsas-bista ederrak dituen parajean. Debako Musika Banda eta Zumaiako Udal Musika Bandaren emankizunak izanak dira bertan, esate baterako, azken urteotan.

Musikak tradizio handia du Zestoan, eta banda sortzeko lehen saioak 1910an hasi ziren. Ordura arte (baina baita geroago ere), inguruko herrietatik ekarri behar izaten zen musikari-talderen bat.

Zestoako Musika Bandak, beste banda askok bezala, Gerra Zibil inguruan gora-behera asko eta geldialdi bat jasan zuen, baina harrezkero banda indarra hartzen joan da eta horduztik bederatzi zuzendari izan ditu, Jesus Trueba, Julian Aranguren, Jose Maria Lizaso, Miguel Goikoetxea, Iosu Lizaso, Juan Carlos Irizar, Alejandro Bergara, Iker Sanchez eta gaur egun Kepa Martinez de Albeniz.

Gaur egun banda 40 bat gizon-emakumek osatzen dute: gazteenak 14 urte ditu, eta zaharrenak 64. Aipagarria da belaunaldi desberdinetako musikariek bandako giroari ematen dioten aberastasuna.

Honako errepertorioa joko dute gaur Itziarren: 1.- Campanera - Monreal, 2.- Las bodas de Luis Alonso - Gimenez (arr. Mariano San Miguel), 3.- Harry Potter - John Williams (arr. Michael Story), 4.- Ben Hur - Miklos Rozsa (arr. Ken Dye), 5.- Games of Thrones - Ramid Djawaldi (arr. J.M. Bernal Gutierrez), 6.- Bohemian Rapsody - Freddie Mencury (arr. John Berry).

Kontzertua dohakoa da 19:00etan hasiko da, Itziarko eliza atzeko parkean, Oteizaren eskulturaren ondoan izango da. Eguraldi txarra balitz, eliza barruan hartuko du lekua.