Zeramika tailer bat antolatu dute Endoiako auzo lokalean

Tailer honen irakaslea Keixeta izango da. / FOTOS ANDER SALEGI
Tailer honen irakaslea Keixeta izango da. / FOTOS ANDER SALEGI

Hiru eguneko saioa izango du tailerrak eta plaza mugatuak dira

ANDER SALEGI DEBA.

Aurrera doa udaberri-udako egitarau kulturala Itziarren. Honela, Itziarko Auzo Udalak Gaztendoiaren laguntzarekin zeramika tailer bat antolatu du. Endoiako auzo lokalean Raku tailer bat antolatu da. Raku delakoa zeramika tradizionalean ontziak egosteko teknika bat da. Ekialde urrunean sortu zen XVI. mendean. Japonian, bakoitzak bere ontzia egiten zuen te zeremonian tea hartzeko. Gaur egun mundu guztian hedaturik dago Rakua.

Buztin errefraktarioa erabiltzen da eta batez ere katiluak egiten dira. Piezak lehortu ondoren esmalte edo oxido metalikoz margotzen dira. Labean sartzen dira egosteko, 900º inguruan, gori-gori daudela ateratzen dira, eta berehala zerrautsez edo hosto lehorrekin estaltzen dira, kea sortuz. Giro oxidantetik erreduktorera pasatzen dira piezak, karbonizazioa lortuz. Aldaketa horretan koloreak zeharo aldatzen dira eta metal distiratsu itxura hartzen dute.

Prozesua amaitzeko piezak hoztu egiten dira eta batzuetan uretan sartzen dira. Tenperatura aldaketa azkarra izanik esmaltea pitzatu egiten da eta 'krakelatua' deritzon testura hartzen du. Ontziak zahar itxura dute, efektuak errepika ezinak dira. Naturaren lau elementuk hartzen dute parte prozesu honetan: lurrak, aireak, urak eta suak.

Ildo beretik jarraituz, Itziarko Auzo Udalak hiru eguneko saioa antolatu du Endoiako auzo lokalean. Ostiral honetan martxan jarriko da ikastaroa. Lehenengo egunean, 17:00etatik 20:00etara egosketarako piezak egingo dira bi motatako buztinaz. Bigarren eguna, uztailak 10, 17:00etatik 20:00etara piezak egosi ondoren , esmaltatu egingo dira. Azken egunean, uztailak 14 larunbata, 10:00etatik 19:00etara (tartean bazkaria) Raku egosketa landuko da egun guztian zehar labe desberdinetan.

Plaza mugatuak dira. Lehenengo bi egunak 8 urtetik gorakoentzat zuzenduta daude (14 urtera arte helduen laguntzaz) eta hirugarren eguna 14 urtetik gorakoentzat zuzenduta daude klaseak. Matrikula 10 eurokoa da (14 urtetik beherakoak debalde). Izen ematea 645 714 633 telefonora deituz egin daiteke.

Tailer honen irakaslea Keixeta (Arroa 1963) izango da. Gaztetatik erakutsi zuen arterako zaletasuna, batez ere margolaritzan. 70eko hamarkadaren bukaeran ezagutu zuen buztingintza Marino Plazaren eskutik. Euskal Herrian eta espainiar estatuan hainbat erakusketa egin ditu eta sari ugari jaso. Zumaiako Foronda Kultur Etxean sortu zuen zeramika tailerra duela urte batzuk, eta bertan da irakasle. Zarauzko Artezaleak elkartean ere ematen ditu torno alfarero eta raku ikastaroak.

Ohiko osoko bilkura

Gaur, 19:00etan, hilean behineko Ohiko Osoko Bilkura burutuko du Itziarko Auzo Udalak. Opor aurreko azkenengo ohiko bilkura izango da hau, eta Itziarko Plazan dagoen Udaletxe eraikineko Batzar Aretoan ospatuko da. Aurreko akta irakurri eta ontzat emateaz gain, hainbat gai tratatu eta berretsiko dira bertan, hala nola, lortutako diru-laguntzen arabera egokitzen diren baserrietara doazen bideak konpontzea edota auzoetako plano-seinale zaharkituak berriztatzea. Bestetik, kaleko etxebizitza hutsen inguruko ikerketa bat egitea onartuko da.

Era berean, 2018-2019 ikasturterako eskola eraikinean egitekoak diren zenbait lan txikiei baimena emango zaie. Horiekin batera, uztailaren 29ean ospatuko den jubilatu eguna antolatzeko eratu den batzorde berriari ahalmena eta erabaki gaitasuna emango zaio. Azkenik, erregu eta galderen txanda izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos