Txakurrentzako ordenantza berria onartu du Ondarroako Udalak

A.E. ONDARROA.

Ondarroako Udalbatzak aho batez onartu ditu animalei buruzko udal ordenantza aldatzea. Udalak txakurrak aske ibil daitezkeeneko zonaldeak zehaztu ditu, aurretiaz zehaztutako ordutegian baino ez.

Nolanahi ere, txakurren jabeek, kontrolpean izan beharko dituzte, kalteak eta eragozpenak ekiditeko eta gorotzak biltzeko, eta horretarako, esku-hartu ahal izateko distantzian izango dira; zonalde horietan egoteak bestelako betebeharrak betetzetik ez ditu salbuesten.

Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak azpimarratu nahi izan du txakur jabeen ardura dela «garbitasunaren alde urratsak ematea. Txakurrak libre ibili arren, jaso egin behar dira gorotz guztiak, bestela infekzio puntu izan daitezkeelako».