'Trabajadoriak' hitzaldia gaur Burugorrin

Antzinako argizki bat kaminero lanetan. /
Antzinako argizki bat kaminero lanetan.

Aiala Oronoz historialaria, 'A pico y pala' liburuaren egilea, izango da hizlaria 20:00etan

ANDER SALEGIDEBA.

Memoria Historikoaren matazak baditu oraindik azaleratu gabe dauden hainbat korapilo: beste batzuen artean, 'trabajadoriena'. Horretarako, Aiala Oronoz Mitxelena historialaria izango da gonbidatua Itziarren azalpenak eman ditzan. Berak idatzitako 'A pico y pala' liburuan 'trabajadorien' egoera eta bizibaldintzak ageri dira. Gerra ondoren, bortxazko lanak Gipuzkoan nun eta nola antolatu ziren argituko du hitzaldian. Patronato para la rendición de penas izenarekin, ehundaka presoen lanak ikuskatu eta antolatu zituen erakunde horrek; 634 errepidea egokitzera bidalitako 'trabajadorien' izen abizenak plazaratu ditu Aialak bere liburuan.

1942 eta 1944 urteen bitartean, erregimen frankistaren 1.200 presotik gora egin zuten lan Gipuzkoan. 'Redención de penas por el trabajo' sistemapean egin zuten lan preso hauek, 1938an sortutako Patronato Central para la Redención de Penas por el Trabajo erakundeak kudeatutako lanetan. Erakunde honek, 1943an 15.000 preso baino gehiago erabili zituen 121 zigor destakamentutan. Gipuzkoan zazpi zigor destakamentu ezarri ziren obra publiko eta pribatuak garatzeko Irun, Errenteria, Donostia, Zestoa, Itziar, Zegama eta Eibarren.

Itziarren, Urtia baserria izan zuten aterpea. Gerra ondorengo urterik gordiñenetan, hainbat presondegitik etorritako langile errepublikarrak herri lanetan aritu ziren, Aialak dioen bezala «a pico y pala», beste tresnarik gabe, sortzen zituzten harri eta lur pilak mugitzeko trenbidetik ekarritako errailen gainean bagoi zahar bat jarrita. Inguru hauetan aritu ziren gose garai haietan, baldintza gogorretan. Gaur egun, oraindik, ikusi daitezke gizon haiek egin zituzten lanak: Otakor, Akeborro, Atxili eta Olabe azpiko errabueltetan edo Itziar gaineko herrirako sarreran.

Gaur egun, kasu batzuetan, lanak egin aurretik 634 nazionalak zernolako trazaketa izan zuen ikusi dezakegu, begirada horretara bideratuta. Zituzten lan baldintzaz galdetuta, herriko edadetuek bat azpimarratzen dute: gosea. Inguruetako baserritarrek, errukituta, zituzten jaki apurrak partekatzen zituzten langileekin. Azurra eta azala besterik ez omen ziren, halamoduzko jazkera eta atsedena tamainan, lepo meharrak eta kokoteko zuloa sakona.

Orain arte langile izengabeak izan dira, errepresioaren zama gutxi izan ez eta ahazturan galdu diren gizonak. Itziarko Auzo Udalak preso errepublikar haien lanak plazaratzearekin, omenaldi xume bat eskaini nahi izan diela adierazi du. Gaur iluntzeko zortzietan Burugorrin hi-tzaldi bat prestatu da.