Saia Goait herritarren lehen diskoaren aurkezpena bihar Beheko Plazan

Saia Goait taldearen rock gogorra bihar Beheko Plazan. /
Saia Goait taldearen rock gogorra bihar Beheko Plazan.

Larunbatean sinbologiaz betetako kontzertua 'Foisis Jaunak' taldearekin

A. GORRITIBEREAMUTRIKU.

Zuzeneko musika emanaldiek berebiziko garrantzia izango dute asteburuan Mutrikun, uda guztian izan duten bezalaxe. Bihar ostirala, 23:30etik aurrera, Saia Goait herritarren emanaldia izango da Beheko Plazan, bertan beraien lehen diskoa aurkeztuko dutelarik. Taldea lau musikarik osatzen dute; Denis Alberdi jaiotzez Berrizkoa bada ere Mutrikun urtean daramatzana baterian, Aitzol Urkiza gitarran, Jon Antxustegi baxuan eta Beñat Perales ahotsean. Guztiak ere musikari trebatuak dira, Jon eta Beñat 'Kraussk' taldean aritutakoak bai dira, Denis 'Keike' taldean eta Aitzol 'Karenka' taldean. AME estudioan Axular Arizmendiren zuzendaritzapean grabatu dute taldearen izen berdina daraman diskoa osatzen duten sei kantak eta dagoeneko urte osoa daramate jaialdiak eskainiz han-hemenka, besteak beste Txantrean lehiaketa bat irabazi dutelarik dagoeneko; baina horrez gain Donostian, Iruñean, Gasteizen edo eta Maulen eskainiak dituzte kontzertuak. Ordu eta erdiko saioa izango da, eta lau taldekideek animatuta daude herritarren aurrean aritzearekin, naiz eta martxoaren 1ean, aurkezpena egin zuten dagoeneko Gaztetxean.

Larunbatean Foisis Jaunak

Larunbateko saioak ere badu garrantzirik, batez ere sinbologia aldetik, izan ere Foisis Jaunak iparraldeko taldeak bere aurkezpena egingo baitu Beheko Plazan, gaueko 22:30etatik aurrera. Itsasuko taldeak Itoiz taldearen goratzarrea egiten du Mutrikuko talde mitikoaren kanta arrakastatsuenak eskainiz, eta aurretik ere egonak baldin badira 'Txalaparta' kafetegian, larunbatekoa izango da kontzertu jendetsuena. Taldeak osatzen dutenak hauek dira; Txomin 'Txo' Larronde da ahotsa eta gitarra, Xabi Leon teklatuetan arituko da, Cedric Lihardoy baterian, Fred Debel gitarran eta Christophe Louviot gitarran baita. Lau teilatu, Hire bideak, Taxi horiak edo eta Espaloian bezalako kanta mitikoen bertsioak entzun ahal izango dira eta agian sorpresaren bat ere egon daiteke, Galbaixo jaiak aproposak izaten bai dira horretarako. Hauen ondoren erromeria izango da 'Kenbat' taldearekin.

Melissa & The Jacks

Herrian ezik, herritarrek kanpoan ere arituko dira asteburuan. 'Melissa & The Jacks' taldekoak Elgoibarko Maalako Parkean ospatuko den 'SanloBeerFesta' ekitaldian arituko dira bi egunez. Bihar, 23:00etatik aurrera eta larunbatean 23.00etatik aurrera baita. 80ko hamarkadako pop eta rock musikako bertsioak eskainiko dituzte era bikainean, joan zen larunbatean 'Alkolea' kantinaren aurrean agerian utzi zuten bezalaxe.