Saharako haurrei ongi etorria

A.E.ONDARROA.

Iritsi dira herrira Saharatik zuzenean Oporrak Bakean programaren baitan Ondarroara iristeke zeuden bi umeak. Ondarroan daude Hurria, Lamat, Fardi eta Ahmed Baba, euren familia berriekin. Bi hilabetez egongo dira herrian.

Ongi etorri ekitaldia atzo egin zitzaien Alde Zaharreko Kalekutzeko eskaileretan. Bertan egon ziren herritar askorekin batera Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkate eta harrera familia bateko kidea, Eneritz Basurko Pagoaga alkateordea eta Irina Alkorta Bedialauneta berdintasun zinegotzia. Alkateak ongi etorria eman zien lau ume sahararrei. Bi iaz ere Ondarroara etorri ziren eta bi berriak dira. Harrera familien lana, borondatea eta elkartasuna ere eskertu nahi izan zituen: «eskerrak eman nahi dizkizuet haur hauek uda gure artean pasatzea ahalbidetzearren. Herritar eta familia gehiago ere animatu nahi ditut proiektu honetan murgiltzera eta Euskal Herrira datozen 300dik gora umeetako bat harreran hartzeko».

Yaalah elkarteak egiten duen lana ere azpimarratu zuen Bedialaunetak, «proiektu hau herriratzeaz gain urte guztian ere hainbat ekimen egiten dituzte saharar herriaren alde eta hori eskertzekoa da: janari bilketa, elkartasun bidaia Saharara...». Yaalah elkarteko kide Eneko Bedialaunetak eskerrak eman dizkie harrera familiei, herritarrei eta udalari, euren proiektuak gauzatzeko emandako laguntza guztiarengatik. Ongi etorrian agurra dantzatu zieten Kresalako dantzariek ume sahararrei eta lora sorta bana eta Yaalah elkarteko kamiseta bana oparitu zieten.