Piano kontzertua lau eskutara musika hilabeteari amaiera emateko

Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus musikariak, gaur Santa Katalinan./
Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus musikariak, gaur Santa Katalinan.

Lucia Arzallus eta Ignacio Arakistain musikari gazteen eskutik gaur Santa Katalina komentuan

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Udaleko Kultura Sailak antolatutako 'Musika Hilabetea' gaur amaituko da, baina aurrez badago aukera ederrik musika arloan dagoen harrobiaz gozatzeko. Arratsaldeko 20:00etan, Santa Katalina komentuan izango den kontzertuak arrazoi hori begi bistan utziko du. Lucia Arzallus donostiarra eta Ignacio Arakistain azpeitiarra izango dira lau eskutara piano kontzertua eskainiko dutenak. Biak ere hogei urte inguruan dabiltza, baina esperientzia luzea dute dagoeneko; lehena Esther Redecilla irakaslearekin hasi zen musika munduan eta ondoren Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarraitu zuen. Duela hiru urte bigarren saria irabazi zuen Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketan.

Azpeitiarraren kasuan bertako Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen lehen urratsak, ondoren Donostiako kontserbatoriora jo zuelarik eta bide luze bezain oparoan gaur egun organoko goi mailako ikasketak egiten dihardu.

Maurice Ravel, Gabriel Fauré Montsalvatge, Albéniz eta Tchaikosvsky bezalako autoreen obrak interpretatuko dituzte. Kontzertua doan izango da, baina garaiz joatea gomendatzen da.

Bertso trama gauean

Bestalde, 22:30ean, Zabiel kultur etxeko ganbaran, 'Bertso Trama Musikatua' eskainiko dute Bertso Eskolakoek Goizeko Izarra ikastolaren 50. urteurreneko ekintzen barruan.