Mutrikuko sokatira taldea Ondarroako Andramaixak jaietan izango da bihar

Irailean Europako Txapelketan izango dira Irlandako mendebaldean dagoen Castlebar herrian

GORRITIBEREAMUTRIKU.

Mutrikuko sokatira taldeak protagonismo berezia izaten du Ondarroako Andra Maixak jaien barruan, eta aurtengoan ere ez da gutxiago izango. Bihar, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, herri kirol saio berezia eskainiko dute frontoian, guztira zortzi kirol saio desberdin eskainiko dituztelarik; lasto altxatzen, lasto jaurtiketan, txinga eroaten, gurdia biraka, aizkoran, trontzan, txokor biltzen eta nola ez, sokatiran. Guztira 14 bat lagun arituko dira kirol desberdinak burutzen.

Nola nahi erronka nagusia hurrengo hilean izango dute, irailaren 4tik 8ra, Irlandako mendebaldean dagoen Castlebar herrian ospatuko diren Europako Sokatira txapelketan parte hartuko bai dute, eta biharko jaialdia primeran etorriko zaie zita hori prestatzeko. Mutrikuk 560 eta 640 kiloko kategorietan parte hartuko du.

Gogoratu, joan zen urtean Hegoafrikako Ciudad del Cabo hirian jokatu zen Munduko Txapelketan, Euskal Selekzioan partaide zirela, Mutrikuko bi tiratzaileek txapela lortu zutela; Patxi Ituarte Salegi eta Iker Goikoetxea Malatsetxebarriak hain zuzen ere.

Aipatu azkenik, hamarkadan dabilen taldeak gorabehera ugari izaten dituela, baina Mutrikuko sokatira taldeak trinko eusten diola herri kirolen praktikari, eta lekukoa bihar eskainiko duten jaialdia.

Trainerua Castron

Mutrikuko Arraun Taldeko trainerua, berriz, Castro Urdiales-en izango da gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera. Goizeko 7:30etan abiatuko dira Kantabria aldera eta guztira 34 ontzi arituko dira lehian; lehenik ETE mailako 11 traineru, segidan ARC-2 mailako beste 11 traineru, horian artean Mutriku; eta azkenik ARC-1 mailako 12 traineru. Gogoratu bi luze motzera izango dela estropada, beraz ziaboga bakarrera eta denbora erdia emango dute gutxi gora behera estropada burutzen. Arrazoia zera da, ETB-1 kateak zuzenean emango duela estropadaka eta ontzi asko direla guztira. Helburua beti ere irabaztea izaten bada ere, ikusi egin beharko motzean nola konpontzen diren herritarrak, babesa ziur izango dutela; Mutriku eta Castroren arteko lotura handia baita.

Space Jam taldea

Moila aldeko kontzertuekin jarraituz, gaur, arratsaldeko 19:30etik aurrera Space Jam hirukoteari dagokio txanda. Dann Hoyos, Jorge Sánchez eta Iván Román dira partaideak eta jam session talde aparta da, beraz, rock and roll, blues, funk edo soul doinuak entzun ahal izango dira Alkolea kantinaren aurrean. Publikoaren erantzuna ziurtatua dago orain arteko emanaldiei erreparatzen badiegu.

Temas

Jaiak