Mutrikuarrak, Europako goitibera jaitsieran

Tranpan Behera Inertzia taldeko kideak, Legazpin. /  N. ISASTI
Tranpan Behera Inertzia taldeko kideak, Legazpin. / N. ISASTI

Legazpin egin den Speed Down Europe Cupen parte hartu zuen Tranpan Behera taldeak

A. G. MUTRIKU.

Mutrikuko Tranpan Behera Inertzia taldeko kideak Legazpin burutu berri den Speed Down Europa Cup goitibera jaitsieran aritu dira aurreko asteburuan. Aztiria auzotik Motxorra auzora 2,5 kilometroko jaitsieran denetariko ibilgailu motak ikusteko aukera egon da, Estatuko zein Europako toki desberdinetatik etorriak: Suitza, Belgika, Italia, Frantzia eta Andorra, baina baita Galizia, Asturias, Kataluina, Valentzia eta Kantabriakoak ere.

Guztien artean 80 bat pilotu aritu dira, horietatik 27 Europako Kopan. Mutrikuarrak Europako kopan eta neumatika kategorian, 5. eta 6. mailak lortu zituzten, eta Espainia mailan berriz 10. eta 11. postuak. 'Tranpan Behera taldekoak pozik azaldu dira Legazpin izandako esperientziarekin. «Paregabea izan da, jende asko, dena ondo antolatua; akanpalekua eta zerbitzuak eskura eta giroa bikaina». Gainera, «kanpoko parte hartzaileekin harremanetan egotea ere oso aberasgarria izan da», azpimarratu dute mutrikuarrek.

Hurrengo saioa Oñatin izango dute maiatzaren 18an, larunbatean, baina Urola Garaitik bueltan, behin baino gehiagotan burutik pasatu zaie halako bat Mutrikun ere egitea posible izango litzatekeela.