Mutrikuko Musika Bandak eta Antonio Oiangurenek 2024ko kultur sariak jaso dituzte
Udalak Kultur Gala baliatu zuen VIII. Iñigo Andonegi argazki lehiaketaren sariak banatu eta aukeratutako irudiak aurkezteko
Zabiel kultur etxeak Mutrikuko Udalak kultur arloan lan egiten duten eragile eta herritarrei aitortza egiteko antolatzen duen Kultur Gala hartu zuen joan den ostiralean.
Herritar ugari gerturatu ziren ekitaldia ikustera eta bertan bi sari eman zituzten: Talde Saria Mutrikuko Musika Bandak jaso zuen, eta Norbanako Saria arrantzale izan zen eta itsasontzien maketa ugari egin dituen Antonio Oianguren herritarrak eskuratu zuen. Sari hauekin, Udalak Bandaren ibilbide luzea eta taldeak herriari egiten dion ekarpena; eta Oiangurenek arrantza-ontzien lekukotasuna eta herriko ondarea bizirik mantentzeko egindako ekarpena errekonozitu nahi izan ditu.
VIII. Iñigo Andonegi argazki lehiaketa
Mutrikuko Udalak ostiraleko Kultur Gala baliatu zuen VIII. Iñigo Andonegi argazki lehiaketan saritutako irudiak aurkezteko (12 epaimahaiak aukeratutakoak eta beste bat herritarren botoen bidez aukeratutakoa).
Epaimahaiak aukeratutako eta saritutako argazkien egileak ondorengoak izan dira: Leire Eizagirre Andonegi, Ion Basurko Flores, Joseba Aramaio Egurrola, Nahia Elesgarai Oliveira, Kevin Maestre Rodríguez, Joseba Palenzuela Arrieta, Ander Zelaia Arantzamendi, Nekane Talledo Goenaga, Aritz Larrea Arrizabalaga, Jon Badiola Arreitunandia, Andoni Iparragirre Gabilondo eta Ignacio Andonegui Salaverria. Herritarren saria, berriz, Andoni Iparragirre Gabilondorentzat izan da.
Argazki horiek Udalak argitaratuko duen 2025erako egutegia irudikatzeko erabiliko dira.